Irantzu Agirre Narbaiza. Ikastolako idazkaria.
Ikastolara lehenengoz hurbiltzen direnek berarekin egiten dute topo. Telefonoaren beste aldean egon ohi dena bera da. Kurutziagako ikaslea izan zen, langilea da orain hamar urtez gero.
Ikastolako ikaslea izan zinen, eta ikastolako langilea zara orain. Bi aldeetatik ezagutu duzu ikastola.
Ikastolako ikaslea nintzenean nork esango zidan niri “Mariasun berria” izango nintzela egunen batean (hasieran ikasleek horrela esaten zidaten ). Ni ikasle nintzen sasoitik hona ikastola asko hazi eta aldatu da, baina oraindik ere ikastolako karrajuetatik nabilenean neuk txikitan bizi izandako oroitzapenak etortzen zaizkit burura: Haur-hezkuntzako geletan egurrezko takoekin jolasten genuenekoak, irrati-gelan irratsaioak egiten genituenekoak edo Txotxerekin hanka-palu gainean antzerkia egin genuenekoak.
Badirudi atzo izan zela, baina ikastolan lanean hasi nintzenean haurtzaindegian hasi berri zeuden umeak Chromebooka eskuan ikusten ditut DBHko geletan.
Idazkaritzako leihatilan beti dago baten bat
Bai, hala da. Lehenago gurasoek idazkaritzara etortzeko joera handiagoa zuten. Gaur egun izen-emate, eskakizun eta kontsulta gehienak posta elektronikoz edota telefonoz egiten dira. Hala ere, 1000 ikasletik gora daude ikastolan eta gutxiengoa izan arren idazkaritzara datorrena, beti izaten da atzera-aurrea. Urtarrilean 10 urte beteko ditut idazkaritzan, guraso gehienak ezagunak ditut, eta askotan galdera egin orduko asmatzen dut zertara datozen.
Telefonoak ere etengabe jotzen du
Bai horixe! Denetariko deiak izaten dira: ordutegi, kuota edo entrenamenduei buruzko zalantzak argitzeko, umea gaixorik dagoela esateko deitzen dutenak, baina gehienetan telefonoan ikastolako dei galdua ikusi duten gurasoak izaten dira, arduratuta deia itzultzen dutenak. Nork eta zergatik deitu dien asmatzea izaten da orduan nire lana!
Eta orain guraso ere bazara
Bai, oso aberasgarria da beraiek ikastolan bizi dituzten esperientziak nik ere hain gertutik ezagutzeko aukera izatea. Gainera, umeak hasi ahala ikastola ere hazten doa eta familia bezala proiektu honen parte izatea itzela da.
Idazkaritzan beti bada zeregina. Zerk eroaten dizu denbora gehien?
Ikasturte hasiera eta bukaera izaten dira lan-karga gehien izaten dudan sasoiak. Hasieran ikasle berri guztien altak egin behar izaten dira, jantokiko eta kiroletako alta eta bajak eta horri guzti horri Bekak eskatzeko epealdia gehitzen zaio. Ikasturte bukaeran, aldiz, ikasle guztien noten gestioa, hurrengo ikasturterako liburu eta material eskariak, etab.
Baina orokorrean lan handiena Hezkuntza Sailak ematen digu. Gure gestio programak datuz osatu eta gaurkotuta izateaz gain, Delegaritzak gero eta informazio gehiago komunikatzeko eskatzen digu berak ezarritako aplikazio eta epeen barruan. Ez da badaezpadako lana!
Nortzuk ematen dizute burukomin gehiago, ikasleek, irakasleek ala gurasoek?
Dudarik barik, irakasleek (barreak).
Aurretik esan bezala, gurasoekin urteetako harremana dut, eta horrek beraiekin gertuko tratua izatera eramaten nau. Orokorrean oso era atseginean zuzentzen dira idazkaritzara; eta nahiz eta lana eman, pertsonekin tratu zuzenean aritzea oso aberasgarria da niretzat.
Ikasleek burukomina izan ezik era guztietako sentipenak biziarazten dizkidate: kolpea hartuta zauriarekin datozenean, gaixorik daudela eta gurasoen zain daudenean, urtebetetze-eguna dela-eta bizkotxo zatitxo bat ekartzen didatenean, edo karrajutik noala beraien abenturak kontatzen dizkidatenean.