Kurutziaga ikastolatik Palestinara elkartasuna

Martxoaren 13an LH6ko ikasle eta irakasleek antolatutako azoka solidarioa egin zuten ikastolako frontoian. Bertan, ikasleek ekarritako hainbat objektu kuttun, pultserak, errelatuak eta jatekoak saldu ziren.

Salmentarekin eta ikastolako komunitateak erakutsitako elkartasunarekin 1235 € batu ziren ordubetean. Diru hau Palestinara bideratzea erabaki zuten LH6ko ikasleek, eta Mundubat elkartearen bitartez horrela egin da.

Gaur, Gernika Palestina elkarteko Ibon Meñika izan da ikastolan. LH6ko ikasleek Mundubat elkartea Palestinan gauzatzen ari den proiektuei buruzko azalpenak jaso dituzte zuzenean (Mundubat elkarteko Eneko Gerrikabeitia ezin izan da etorri). Aukera izan dute galdetzeko eta jakiteko Kurutziaga ikastolako elkartasun ekonomiko hau zertara bideratuko den. Gainera, gaur bertan Katakraken aurkeztu duten liburua primizian erakutsi digu.

Azokako antolatzaileak izan diren ikasle eta irakasleek eskerrak eman diote Mundubat elkarteari Palestinan eta beste hainbat lekutan egiten duten lanagatik. Baina bereziki eskertu nahi izan dute Kurutziaga ikastolako komunitatea azokan izan duen parte hartzeagatik eta erakutsitako elkartasunagatik. Aurrerantzean ere, jarrai dezagun komunitate solidarioa izaten! 

 

Zorionak LH6ko ikasle eta irakasleei egindako lanagatik! Bejondeizuela!