Kepa Onaindia: ikastola garai eta leku ezberdinetatik

Kepa Onaindia. Kurutziaga ikastolako guraso eta langile ohia.

Guraso legez izan zuen Kurutziagarekin lehenengo harremana. Geroago, ikastolako mantentze-lanak egin zituen hamabost urtez. Badira beste hamabost erretiroa hartu zuenetik baina egunero egiten du oraindik ikastolara osteratxoa ilobak direla eta. Ikastolaren ekintzaren batean gaztainarik jan baduzue inoiz, Kepak erretakoak izango ziren segurutik. Bariku honetan bertan, Euskararen egunaren aitzakian, berriro ere ikastolan izango da gaztainak erretzen, txipli, txapla, pun!

Hasi gaitezen hasieratik: noiz izan zenuen Kurutziaga ikastolaren berri?
Artean ikastolako guraso ere ez nintzela bazkari bat prestatzen laguntzeko deitu zidan orduan ikastolaren bueltan zebilen jende batek, ikastola obretan zegoela. 70. Hamarkadaren hasiera izango zen. Ni markinarra izanik ez nuen Durangoko berri handirik eta emaztearen bitartez (Nekane Bereziartua, urte luzetan Hitz liburu-denda eroan zuen) egin nituen lehen harremanak. Gero umeak etorri ziren eta orduan beste alde batetik ezagutu nuen.

Garai haietan Kurutziagaren aldeko apustua ez zen hauturik errazena ere…
Ez horixe. Dena egiteko zegoen. Sartzeko diru dezente jarri behar zen eta, gainetik, ekintzak mila. Batzorderako ere laster deitu ninduten eta hango Sanfaustoetako taberna, zozketa saltzea eta abarra, azkenik bakoa zen. Baina beste garai bat eta beste giro bat zen. Pentsa, Sanfaustoetan, Eroskiko arduraduna zen batek giltza uzten zigun edozein ordutan, premia izanez gero, bertara joan eta generoa apuntatu eta hartzeko. Gauza bera harakin batek, goizaldean joan, behar zena hartu eta listo. Hori gaur pentsatu ere ezin liteke egin! Konbentzimenduz egiten genituen gauzak.

Zenbat zozketa ez ote zenituen saldu orduan…
Bai, makina bat anekdota xelebre bizi ere! Behin, Jabier Bizkarra eta biok baginen behintzat, goiza Etxebarrin egin genuen idi-dematan zozketak saltzen. Arratsaldean San Mamesera joan ginen, partidua zegoela eta bertan saldu guran. Ez ziguten sartzen utzi ordea, eta kanpoan aritu ginen saltzen. Pentsa zer garaiak ziren, kanpoaldean orduko polizia armatuak, “Grisak” esaten zitzaienak zeudela. Bizkarrak esan zidan tenienteari saltzea lortzen bagenuen beste guztiek erosiko zigutela. Joan eta eskaini guk! Renault 5 bat eta garajeren bat edo ez dakit zer zen zozketatzen zena… Bizkarrak arrazoi! Tenienteak erosi zigun eta haren atzetik koadrila guztiak. Grisei ikastolaren aldeko zozketa takoa salduta bueltatu ginen San Mamesetik!

Batzordeko batzarrak ere goizaldera arte luzatzen ziren, ezta?
Astez izaten ziren. Goizaldeko ordu bata bai, sarritan, amaitzerako. Eta gero, etxera bidean, han ere segi berbetan. Pedagogia eta horrelakoez ez nuen ulertzen nik, baina banekien bestelako eskola bat behar genuela eta sinetsita aritzen ginen.

Mantentze lanak egiteko sartu zinen gerora, langile ikastolan.
Oraintxe hogeita hamar urte. Eta oso akordu onak gordetzen ditut. Horrek ez du esan nahi dena poza izan zenik. Ikastola lako leku batean, denetariko jendeak bat egiten duen lekuan, beti izaten dira gorabeherak. Ikastolako arazoak neure arazoak ere izan dira, barruan daroazunean gaitza da-eta bereizten. Baina ni pozik ibili nintzen hemen. Irakasleekin, beste langileekin… ondo konpondu izan naiz.

Ikasle izandako askok ere ez daukate ahazteko Kepa!
Gaztetxoekin ondo konpondu naiz ni! Bronkaren bat edo beste, jakina baietz. Baina barrabaskeria bat egin dizun hura bost minutura hor etorriko zaizu baloia pintxatu dela edo ea zera konponduko diozun… Umea beti ume.

Erretiroa ere ez zenuen berehalakoan hartu.
Gabon batzuetarako prest neuzkan aurrejubilatzeko paperak. Orduan ere ikastola ez zegoen bere onenean eta ikasturtea amaitu arte geratuko nintzen eskatu zidan zuzendari berriak. Beste urtebete ere egin nuen! Eta pozik.

Aldatu da ikastola ordutik?
Asko hazi da. Ni hemen nengoen garaiko gero eta jende gutxiago dago. Gu guraso legez hasi ginenean bihotzetik egiten genuen asko, baina ikastola batek jende prestatua behar du, eta orain jendea prestatuago dago. Bihotzetik ere behar du, jakina. Bietatik behar du.

Barikuan berriro gaztainak erretzera.
Eta Gabon aurretxoan Ibaizabal Ikastolara, urtero! Eta urtarrilean, Gaztainerre Eguna… Ni pozik etortzen naiz deitzen didatenean.