Miren Arzuaga Gorritxategi. Jantokiko koordinatzailea.
Hirugarren ikasturtea du Miren Arzuaga ermuarrak Kurutziagan lanean. Ausolan enpresako langilea da eta bera da gaur egun ikastolako jantokiko koordinatzailea. Ikasturte berriarekin jana banatzeko bigarren lerro bat ezarri da jantokian zerbitzua hobetu eta errazteko asmoz.
Aldaketak izan dira jantokian, jana banatzeko bigarren lerroa ezarriz, besteak beste. Zergatik?
Hasteko, kontuan hartu behar da iaz, bataz-beste, zortziehundik gora bazkari ematen genituela egunero. Kopuru handia da. Neska-mutikoak bazkaltzeko zain, ilaran zeuden bitartean, arazoak sortzen ziren sarri. Batek txanda-pasa egin duela, besteak bultza egin diola, hurrengoak auskalo zer… Egoera horri konponbidea emateko zer egin pentsatzen hasi ginen eta hortik dator bigarren lerroarena, baina ez da neurri bakarra.
Ez zen logistika arazoa bakarrik orduan.
Ez, jakina, jokabide arazo bat ere bazegoen. Horregatik gaiari heldu genion ikastolako Elkarbizitza taldearekin, jantokiko begiraleak eta zuzendaritza ere tarteko zirela. DBHko ikasleekin ere hitz egin dugu eta adostutako arau batzuk ezarri ditugu ilaran egon beharreko tarte hori laburragoa eta lasaiagoa izan dadin.
Astebete baino ez da bigarren lerroa martxan dagoela baina, zer dio esperientziak?
Itzelezko aldea dago. Jana askoz azkarrago banatzen da eta itxaronaldia asko laburtu, beraz, arazoak ere asko murriztu dira. Azken finean, lotuta doazen faktore bi dira. Pentsatzen ari gara ordutegietan ere egokitzapenak egin beharko ditugula baina horretarako denbora bat beharko dugu ze, jardun osoko eskola hasten ez den arte jantokia ere ez dabil ehuneko ehunean. Joango gara fintzen.
Goseak umorean ere eragiten duela, beraz.
Nori ez! Esan beharra dago oro har neska-mutiko onak direla baina ordu kritikoa da bazkalordua.
Zer menu egokitzen den ere aldea egongo da…
Zalantza barik. Makarroiak, sanjakoboa, kroketak eta horrelakoak daudenean dena errazagoa izaten da, estimatuak dira oso. Barazkiak, dilistak, arraina eta halakoekin protesta gehiago izaten da. Eta jakina, garai bateko tranpak gaur egun ere erabiltzen dira: gustuko ez dutena ahozapian bilduta uztea, ogi kuzkurraren barruan ezkutatzea…
Sukaldariekin hitz egin beharko dugu gustuetaz.
Bada, bai, ze sukalderako ere tresneria berria erosi da eta izango dute zeresana.
Datorren asterako zita eginda daukagu.