Iñaki Eizmendiren webinarra elkarrekin jarraitzeko hitzordua Kurutziaga Ikastolan, azaroaren 17an

Gure seme-alabek euskaraz bizitzea nahi dugu. Eta guk, zer egin dezakegu?

Iñaki Eizmendiren webinarra elkarrekin jarraitzeko hitzordua egingo dugu Kurutziaga Ikastolan, azaroaren 17an, 18:00etan. Guraso eta langile guztiak gonbidatuta zaudete!

Gure seme-alabek euskaraz ikasten dute, baina euskaraz bizi al dira? Zergatik jotzen dute batzuetan gaztelaniara, euskaraz ondo jakin arren? Zer egin dezakegu helduok, etxean zein ikastolan, euskara euren eguneroko hizkuntza izan dadin?

Galdera hauek ezagunak egingo zaizkigu Kurutziaga Ikastolan askori. Izan ere, guztiok nahi dugu gure haur eta gazteek euskaraz egitea. Baina askotan ez dakigu nola eragin.

Haiei esaten dieguna bezain garrantzitsua da guk egiten duguna

Helduok eskaintzen diegun ereduak eragin handia dute euren hizkuntza-ohituretan.

Gure seme-alabei euskaraz egiteko eskatzen diegu, baina zer hizkuntzatan aritzen gara gu beste gurasoekin, lankideekin, lagunekin edo herriko dendetan? Zer ikusten eta entzuten dute gure egunerokoan?

Gure ohiturez jabetzea, euskarari aukera gehiago eskaintzea eta eguneroko keinu txikien bidez eragitea ere gure esku dago.

Euskara guztion ardura da, baina baita guztion aukera ere.

Iñaki Eizmendirekin, ulertzetik aritzera

Galdera horien inguruan hausnartzeko aukera izango dugu Ikastolen Elkarteak antolatutako «Ulertzetik aritzera: seme-alabekin hiztun-ibilbidean bidelagun» webinarrean.

Iñaki Eizmendik, haur eta gazteen euskararen erabileran adituak, gure seme-alaben hizkuntza-ohiturak hobeto ulertzen eta helduok izan dezakegun eraginaz hausnartzen lagunduko digu.

Egin dezagun hitzordua!

Kurutziagan argi dugu euskararen erabilera sustatzea ez dela ikasleen ardura bakarrik. Hezkuntza komunitateko partaide guztiak badugu zer eskaini. Eta, batez ere, elkarrekin eragiteko aukera dugu.

Horregatik, proposamen berezi bat egin nahi dizuegu: azaroaren 17an ikastolan elkartzea, Iñaki Eizmendiren webinarra elkarrekin entzuteko.

  • Noiz? Azaroaren 17an, asteartea.
  • Zer ordutan? 18:00etatik 19:00etara.
  • Non? Kurutziaga Ikastolako Batzar Gelan, webinarra elkarrekin jarraitzeko.
  • Norekin? Iñaki Eizmendirekin (EBETE), online.
  • Norentzat? Kurutziagako guraso eta langile guztientzat.
  • Nola sartu bilerara etxetik? meet.google.com/gsr-ckqh-tyr

Etxetik jarraitzeko aukera izango duzue, baina bereziki animatu nahi zaituztegu ikastolara hurbiltzera. Euskararen etorkizuna ez dugu bakarka eraikiko: elkarrekin egingo dugu