Joan zen martitzenean, ikastoletako negoziazio mahaia bildu zen eta lan hitzarmen berrirako aurreakordioa sinatu zuen gehiengo sindikalarekin. Lan hitzarmen berriaren indarraldia 2022 eta 2024 urte artekoa da.
Bi oinarri nagusi ditu aurreakordio honek:
- Jaiotze tasaren beherakadaren ondorioz gertatuko den matrikularen jaitsierak irtenbide integralak eskatzen ditu, besteak beste lanpostuei eusteko. Horrekin batera hezkuntza kalitatea hobetzeko eta abian dugun eraldaketa pedagogikoa azkartzeko, hainbat neurri osagarri beharko dira. Neurri hauek ikastolen Elkarteak Hezkuntza Sailarekin bideratuko duen prozedura baten baitan zehaztuko dira.
- Ikastoletako dozenteentzat administraziopeko ikastetxeetako lansarien ekiparazioa adostu da. Igoera berdina aplikatuko zaie lan hitzarmeneko gainerako kategoriei. Parekatze prozesu hau 2023ko irailean hasi eta 2027an amaituko da. Lan hitzarmeneko bestelako atal batzuetan ere hobekuntzak adostu dira aurreakordio honetan.
Ikastolen Elkartetik zein Kurutziaga Ikastolatik bide luze baten emaitza dela ulertzen dugu sinatutako aurreakordioa, aurrera begira lantzen eta osatzen jarraitu beharko dena. Ikastolon komunitatearentzat aurrerapausoa den akordioa, gora ikastolak!