Kurutziaga Ikastolako Guk16 taldeak Altxa Burua dinamikan murgildu dira. Ikastetxeak mugikorrik gabeko arnasguneak izatea dute helburu. Horretarako, ikastetxe guztietan erabiltzeko karteleria komun bat sortu dute, ‘Mugikorrik gabeko arnasgunea, eskerrik asko’ goiburuarekin.
Zeintzuk izan dira eman dituzuen azken pausoak?
Altxa Burua ekimenak EAE mailan Hezkuntza eta Osasun departamentuei zuzeneko esku hartzea egin dezan eskatzeko gutun bidalketa abiatu zuen. Horrekin batera sinadura bilketa bat, eta eskola-ikastoletan pantailen erabilera arautzen duen protokolo eredu bat jarri zituen ikastetxeen eskura. Protokoloaz gain, ikastetxe guztietan erabiltzeko karteleria komun bat, Mugikorrik gabeko arnasgunea, eskerrik asko jartzen duena. Guk horren guztiorren zabalkuldea egin dugu ikastolan eta herri mailan. Herri mailan, Durangalde mailan, Bizkaia maila eta Euskal Herri mailan saretzen ari da Altxa Burua mugimendua, eta gu horren parte gara.
Zein da helburua?
Ikastola arnasgune izatea mugikorrei dagokionez, eta pantailaren erabileraren gaineko diagnostiko bat abiatzea, hauen erabilera osasuntsu eta pertinente bat egin ahal izateko. Helduok ere, erabilera osasuntsu baten eredu izan behar gara eta horrek, gure aldetik deskonexio eta arnasgune horiek errespetatzea suposatzen du.
Ikastetxeak arnasgune izatea zergatik da hain garrantzitsua?
Ikerketa zientifiko ugarik berresten dute mugikorren eta pantailen erabilera goiztiarrak kalte sakonak eragiten dituztela. Plazaratu berri dira pediatren elkarteak emandako gomendioak, baita Estatu espainiarreko gobernuarentzat 50 adituk idatzitako txostena ere.
Ildo horretatik, Altxa Burua dinamikak agerraldia egin zuen Legebiltzarrean joan zen ostegunean. Zelan baloratzen duzue agerraldi hori?
Eskaria argia da. Hezkuntza departamentuak ezin du ikastetxeen esku utzi mugikorren eta pantailen erabileraren erregulazioa. Osakidetzak ere zeresan handia dauka, osasun arazo orokor bat delako, ez dio bakarrik eskola-esparruari eragiten. Eusko Jaurlaritzak erantzukizuna hartu behar du, eskola-ikastolok eta familiok hartu behar dugun bezalaxe. Asko dago jokoan.