Aurreko astean komentatu genizuen moduan Euskara taldekoak gelaz gela aritu dira euskaren erabileraren neurketen emaitzak zabaltzen eta hauen inguruko hausnarketa partekatzen LH5. mailatik hasi eta DBH4 mailara arte. Aurreko astearte eguedian beraiekin izan ginen saio hauetan ateratako ideiak ordenatzen eta ondorioak ateratzen, eta tartetxo bat lapurtu genien galdera batzuk egiteko, hemen duzue beraiekin izandako elkarrizketaren berri.
Emaitzak aztertu eta gero LH5. mailatik hasi eta DBH4. mailarainoko geletan ibili zarete emaitza hauen inguruan solasean, zergaitik?
Ikusi dugu Ikastolako emaitzak orokorrean onak direla ematen badu ere, ez dela horrela, eta LH5. mailatik aurrera euskaraen erabilera asko jaisten dela. Horregatik erabaki dugu maila honetatik aurrera ekitea. Gure asmoa, ikasleei, egoeraren berri ematea izan da eta era berean honen inguruan hausnartzea ondoko hiru galderei erantzunda:
ZERGATIK gertatzen da hau?
Zerbait EGIN DEZAKEGU?
Zerbait EGIN NAHI DUGU?
Eta zelan joan dira saioak? Eroso sentitu zarete horrelako taldeen aurrean aurkezpenak egiten? Nola hartu zaituztete ikasleek?
Ondo, gustura ibili gara, urduritasun puntu batekin baina ondo. Beraiek ere ondo hartu gaituztela esango genuke, agian LHn eta DBH bigarren zikloan errazagoa izanda, eta DBH 1 eta 2koan zailtasun gehiago izan ditugu ikasleak adi mantentzeko, baina orokorrean ondo. Hausnarketak ere aberasgarriak izan dira eta ideia asko hartu ditugu.
Goazen orduan hausnarketa horietara lehengo puntuan zergaitiaren inguruan galdetu diezue, zer diote, zergaitik gaztelerarako joera hori adin batetik aurrera?
Arrazoi asko aipatu dira puntu horietan batzuk kuriosoak ere, baina gehien errepikatu direnak hauek izan dira:
-Sare sozialen garrantzia eta hauetan euskararen presentzia murritza
-Ikus-entzunezkoak ere gazteleraz ikusten dira gehien bat
-‘Txulitoarena egitea’, ‘guaiak izatea’,… badirudi gaztelerak ‘estatus’ bat ematen duela
-Familia erdalduna izatea
-Kalean eta kuadrillan erdara asko erabiltzen da
-Lengua castellana arloa
Hauek izan badira gehien aipatutakoak , baina beste batzuk ere irten dira:
Gaztelera indartsuagoa dela, kanpotik datozenak euskaraz ez jakitea, Ikastolako handiei entzuten zaiela erdaraz, jendeak ez diola garrantzirik ematen, askotan lehen hitza gazteleraz botatzen dugula, ohitura bihurtu dela, hainbat gauzetarako hiztegi falta, behartu egiten gaituztela euskaraz egitera,…
Esango zenukete gazteek egoera hau aldatzea nahiko luketela edo berdin zaiela?
Hori da hirugarren galderan bota duguna, eta baietz esango genuke. Orokorrrean, salbuespenen bat izan ezik, denok ados agertu dira egoera hau ez dutela gustuko eta zerbait egin beharra dagoela, teorian behintzat euskararen erabileraren alde sentsibilizatuta daude, baina gero errealitatea beste bat da.
Zeintzuk dira gure gazteek dituzten ideiak egoera hau iraultzeko, zer egin dezakegu euskara gehiago entzuteko?
Hemen ere ideia piloa jaso ditugu, hauek dira gehien errepikatu direnak, batzuk lotura zuzena dute zergaitiekin aipatutako puntuekin:
-Sare sozialak gutxiago erabili edo euskaraz erabili
-Lehen hitza euskaraz egitearen garrantzia aipatu da
-Gazteleraz egiten duenari interpelatu
-Euskaraz gehiago irakurri
-Ikastolatik kanpo ere euskaraz egin, ez lotu ikastolarekin
-Nagusiak eredu izan daitezela
-Musika eta kultura euskalduna kontsumitu
Eta hauekin batera beste batzuk ere aipatu dira:
Ibiltarira joan, kanpotarrei euskara erakutsi, euskaraz jolastu, euskararen garrantzia nabarmendu, ekintza dibertigarri gehiago, nerabeentzat hiztegia, hitzaldiak,….
Eta orain zer, zein da hurrengo urratsa?
Lehenik eta behin jasotako hau guztia ikastolako foro ezberdinetan zabaldu, ikasleei beraiei ere bueltatu, eta gero plan bat egitea, ahal den neurrian, hemen jasotako ideiak martxan ipintzeko.
Ba baduzue lana orduan, animo eta eskerrik asko egiten duzuen lanagatik.