Gaizka Uriarte Kurutziagako irakaslea eta ikasle ohia da. 25 urtez ikastolan jardun eta gero, ikasturte honetan abentura berri bati ekin dio. Familiagaz batera Chicagora (AEB) joan da, bertan bizitzera. Martin, Maialen eta Elene seme-alabak (ikastolako ikasleak) eta Nadia Arkarazo bikotea ere esperientzia berri honetan bidelagun ditu. Hauxe izango da Kurutziagako ikasle ohien komunitatean kaleratuko den lehenengo elkarrizketa: kurutziagatarrak munduan zehar.
Zerk eraman zaituzte Chicagora?
Ba galdera bera egiten diot neure buruari egunero. Faltan botatzen ditugu hango gauza asko egia esan. Han ederto bizi gara; lan ederrak ditugu, umeak pozik dabiltza ikastolan, familia, lagunak, janari ederra… Baina egia esan aldaketa bat ere behar genuen. 25 urte baino gehiago neramatzan ikastolan lanean, oso pozik gainera, baina zerbait desberdina probatzeko momentua zela sentitzen nuen. Gure konfort egoeratik ateratzea behar genuela sentitzen nuen eta esperientzia hau bizitzarako ikasgai ona izan zitekeela iruditu zitzaidan.
Zer moduz egokitu zarete? Zelako parajea da hori?
Bi hilabete daramatzagu hemen jada, eta oraindik guztiz egokituta gaudenik ez dut uste. Oso gogorra da familian horrelako abentura bati aurre egitea. Umeen eskolaratzea, lan berri bati ekitea, etxea, kotxea, segurua, … Gauza asko egin behar dira herrialde baten bizitza bat hasteko, gurean etorkinek sentitzen dituzten sentipenak bizi izan ditugu, jakinda gu etorkin pribilegiatuak garela (lanarekin baikatoz) baina egoera antzerakoak bizi izan ditugu: kotxeko asegurua ezin ordaindu bertako konturik ez genuelako, ezin ura eta elektrizitatearen alta eman, umeak eskolatik bota txertoak jarri arte… Zorionez topatu dugun jende guztia oso jator aritu da gurekin eta beti laguntzeko prest agertu dira. Gainera herri honetan dagoen Irakasle Bisitarien Taldea nahiko handia da eta asko laguntzen diogu elkarri. Portzierto, Chicago hiritik 2 ordu eta erdira dagoen Urbana-Champaign herrian gaude. Illinois estatuko unibertsitatea dago bertan.
Zein da zuretzat irakasle bezala erronka handiena Chicagon?
Zerotik hastea sistema berri batean. Elementary-ko 4. mailan nago tutore bezala. Gure eskolan Dual programa dago. Ikasleek egun erdia ingelesez eta beste erdia erdaraz egiten dute. Nik gaztelaniazko zatia ematen dut bi gelatan eta beste irakasle batek ingelesezko zatia. Nire ingeles maila ez da hobetuko hemen, baina latinoa gero eta hobea daukat, ekainean latinozko C1 maila edukiko dut (barrez). Bromak alde batera utzita, oso desberdina da hemen lan egiteko modua. Sekulako garrantzia ematen diete kanpo ebaluazioei eta barnekoak halamoduz egiten dituzte. Gure eskolako umeen maila sozioekonomikoa oso baxua da, gehienak etorkinen seme-alabak eta oso egoera eta maila desberdinak ditugu geletan. Horri aurre egitea da zailena. Gainera niri ez didate inongo libururik eman eta eduki guztia programatzeaz gain sortu ere neuk egin behar dut.
Aurten San Faustorik barik geldituko zarete. Handik ospatuko duzue?
Bai, hori gogorra izango da. Lagun guztiak parrandan ikusteak inbidia handia emango digu. Baina zorionez aste horretan jai dugu (fall break) eta bidaia polita dugu aurretik: Los Angeles- Yosemite-San Francisco. Bertan ezagutu dugun beste familia batekin goaz.
Ikasle ohien komunitatea zure elkarrizketarekin estreinatuko dugu. Zer esango zenieke talde honetako kideei?
Ba komunitatearen parte izatea garrantzitsua dela. Gure sustraiak ondo errotuta izatea ezinbestekoa dela. Nondik gatozen eta zer garen jakiteak nortasun bat ematen digula mundu globalizatu honetan. Eta eskatuko nieke inguruko ikasle ohiak animatu ditzatela komunitate honetan sartzen. Niri behintzat gustatuko litzaidake kanal honetatik ikasle ohien historia interesgarriak jasotzea eta nolabaiteko elkargunea izatea. Eta goraintziak bidaltzea ikasle ohi horiei guztiei, gainera euretariko asko nire ikasleak izandakoak baitira.
Ikasle ohien komunitatera batzeko:
Lotura honetan edo QR kode hau erabilita batu zaitezke eta parte hartu.