Ibilaldia: ekitaldi berezia domeka honetan (maiatzak 31) Ibilaldiaren webgunean

Arrazoi ondo ezagunengatik domeka honetan ez da ospatuko Elorrion ohiko Ibialaldia. Aurreratu genizuen bezala, pandemiak hala behartuta, urriaren 18ra atzeratu da Txintxirri ikastolak antolatutako Ibialaldia.

Edozelan dela ere, gure Elorrioko lagunek ez dute bsterik gabe pasatzen utzi gura egutegian gorriz seinalatua zuten eguna: maiatzaren 31. Domekan, Ibilaldiaren webgunean, goizeko 11:00etan hasita jarraitu ahal izango duzue zuzenean, Elorriotik prestatu duten saio berezia. Saio polit eta entretenigarria izango da. Berba gutxi eta ikuskizun ugarirekin (musika, dantza, bertsoak, magia…). Gainera, Bizkaiko ikastola mordo batetik jasotako ikasleen bideoak jaso dituzte eta horiek ikusteko aukera ere egongo da, aurkezle berezi baten eskutik gainera, ume eta gaztetxoen artean oso ezaguna.

HEL HORRI!