Bi hilabete geratzen dira Herri Urratserako eta ez gaude geldi. Jaiaren antolaketan bete betean, gaurkoan kanpaina nazional berri bat aurkeztera
gatozkizue. 20.000 erle espezie omen daude munduan, eta horien artean gure-gurea dugu Erle Beltza. Erleek elgarrekin egiten dute lan, komunitatean bizi dira eta berebiziko garrantzia dute ekosisteman; esan ohi da erleak desagertuko balira, munduak lau urte gehiago baino ez lukeela iraungo. Gure komunitatearekin berdin gertatzen da: Seaskako komunitatea behar beharrezkoa da euskarak bizirik iraun dezan Euskal Herriko txoko honetan, bai eta euskalduntzearekin jarraitzeko ere. Baina Seaska osatzen dugun erleak (guraso, irakasle, langile, ume, gazte,….) bizirik eta lanean jarraitzeko ERLEZAINAK behar ditugu.
Erlezain bakoitzak 10 eurotako ekarpena egingo du eta trukean erlea jasoko du etxean, zaindu eta babes dezan. Erlezain egiteko Herri Urratseko webgunean sartu behar da eta bereziki kanpaina honetarako sortu dugun atalean datuak eman eta ordainketa egin. Ostean etxean jasoko dute PIN-a Erlezainek. Webguneaz gain ikastola eta festa ezberdinetan Erlezain egiteko mahaiak ere jarriko ditugu, eta elkarteren bat prest balego kanpainan laguntzeko aukera izango luke ere mahaiak jartzeko eta erlezainak biltzeko, hortarako nahiko litzateke gurekin kontaktuan jartzea eta materiala bidaliko genioke. Apustu eta erronka zaleak Euskal Herrian eta 5.000 Erlezain lortzeko
apustua jartzen diogu herri honi. Apustu eta behar handiak ditugu, erle kofoiak lurralde osoan zabaldu eta indartu nahi ditugu eta horretarako sostengua behar dugu, Euskal jendarte guztiaren sostengua. Hori dela eta ERLEZAIN egiteko deia egiten dizuegu. Gure aurtengo lema erabiliz:
ELGARREKIN indartsuagoak gara egin zaitez ERLEZAIN.