Rio de Oro Gobernuz Kanpoko Erakundeak Durangoko Udalaren laguntzarekin FOKUAN aurkeztu du, 3 saioko gizarte zinemaldia. Horretan, errefuxiatuei loturiko gai sozialak landuko dira.
Fikziozko filmak, zinema dokumentala eta film laburrak baliatuz, munduko zenbait gatazkaren inguruan sentsibilizatzea du helburu erakundeak. Saharako gatazkak pisu berezia izango du FOKUANen, baina beste errealitate batzuk ere landuko dira, hala nola Siriako gerraren ondorioak edo haur errefuxiatuen egoera orokorrean.
Film bakoitzak bere eguna izango du (Azaroak 25, osteguna; abenduak 9, osteguna; eta abenduak 16, osteguna), guztiak 19:00etatik hasita Durangoko Zugaza zineman. Sarrerak doakoak izango dira eta aretoan bertan eskuratu ahalko dira emanaldia baino astebete lehenagotik hasita.