Errenteria eta Donostia artean egin dute omenaldia, Euskaltzaindiak eta Ikastolak Herriari taldeak antolatuta; 8.226 metro luze izan da. «Eskerrik asko egunero euskara koloreztatzeagatik», esan dute ikasleek.
Euskara batuaren aldeko giza kate bat egin dute Donostia eta Errenteria artean, Ikastolak Herriari egitasmoak eta Euskaltzaindiak antolatuta. Batasunaren bidean izena jarri diote omenaldiari, eta gutxienez 7.000 lagun bildu ditu. Hain zuzen, Euskal Herri osoko 50 ikastola inguruk hartu dute parte. Kaleak, plazak eta beste hartu ditu 8.226 metro luze izan den giza kateak, eta txalo artean eman diote bukaera. Amaiera ekitaldiak egin dituzte jarraian, eta eskerrak eman dituzte «egunero euskara koloreztatzeagatik». Musikaren erritmoan dantzan eta zapiak astinduz amaitu dituzte ekitaldiak.