Duela astebete, Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza-planaren balorazioa egiten hasi ginenean, adierazi genuen egokia iruditzen zitzaigula gure hezkuntza-sistemari buruzko erabakiak Madrilen eta Parisen ez hartzea. Orain, konfinamendutik ateratzeko Espainiako gobernuburuak aurkeztutako planaren hezkuntza eremuari dagokion zatia aztertu ondoren, Eusko Jaurlaritzari eskatu behar diogu hezkuntza plana idazterakoan gauzatu zuen burujabetasun ariketarekin bat etorriz, gure hezkuntza-sistemari buruzko erabakiak (kasu honetan, ikasturte honen amaierari buruzkoak) hemen hartzen segi dezagula.
Gure ikasleak ikasgeletara itzultzea Eusko Jaurlaritzak hezkuntza eragileekin landu behar duen erabakia da, eta irizpide propioetan oinarrituta hartu behar da, itzuliko diren mailak, itzultzeko ordena eta itzuleraren helburuak zehaztuz.
Ezin gara igaro goizetik gauera DBH4ko eta Batxilergoko ikasleen itzulera nola izango den planifikatzen egotetik –ikasle horiekin hartu beharreko segurtasun-neurriak barne–, 0-6 urteko ikasleekin egin beharko duguna planifikatzera. Are gehiago Hezkuntza sailburuak duela astebete ikasle txikienak, Haur eta Lehen Hezkuntzakoak, irakaskuntza presentzialera itzultzetik kanpo utzi zituenean eta espainiar Hezkuntza ministroak berak ia baztertu egin zuenenean txikiak itzultzeko aukera.
Orain ikasturtearen amaierari buruz hitz egiteko garaia da. Eta, hain zuzen ere, positiboa irudituko litzaiguke ikasleek beren ikaskide eta irakasleekin batera ikasturtea (zikloa zein etapa) aurrez aurre agurtzeko aukera izatea, bizitzaren edozein ziklotan bezala bukaerari eta agurrari behar zaion garrantzia emanez, osasun neurriak bermatuz, noski, baina alde humano eta emozionalari lehentasuna emanez. Baina ez zaigu egokia iruditzen hain data goiztiarrean, maiatzaren 25ean, eta gelako ikasle guztiak batera ez itzultzea; are gehiago itzulera hori hezkuntza prozesuarekin lotzen ez denean.
Egokia iruditzen zaigu, hori bai, gure administrazioek aurreikusi zuten bezala, edozein arrazoirengatik hezkuntza prozesuan jarraipen normala egiterik izan ez duten ikasleentzat hezkuntza-errefortzua izatea. Hori egiteko, hala ere, irizpide garbiak eta baliabideak behar dira. Ikastolok horri begira jarriko gara lanean, era hausnartu eta koordinatu batean.
Hezkuntzarako oinarrizko eskubidea da Eusko Jaurlaritzak duen jardunaren muga ikasleak eskoletara noiz itzuliko diren erabakitzeko orduan, eta kasu honetan, Espainiako Estatuaren proposamena ikusita, zeinak itzulera hezkuntza-prozesu arruntetik bereiztea planteatzen baitu, begi-bistakoa iruditzen zaigu Eusko Jaurlaritza erabat legitimatuta dagoela hezkuntza eragileekin hitz egiteko eta itzulera horren egutegia zein helburuak erabakitzeko. Ikasleen itzulera (ekainekoa eta irailekoa) zehazteko hezkuntza eragileen arteko mahaia osatu dezala eskatzen diegu EAEko zein Nafarroako Hezkuntza sailei. Elkar gaitezen eragile guztiak, ikasturte amaieratik haratago, asko dugu hitz egiteko eta.
Ikastolen Etxean, 2020ko apirilaren 29a