Etxekotzea

Jaione Urionabarrenetxea. Haur Hezkuntzako, lehenengo zikloko (0-3) koordinatzailea.

Haurrak ikastolarekin duen lehenengo harremana 0-3 urteko zikloan ematen da kasurik gehienetan. Haurrak, gurasoek eta irakasleek estrainekoz topo egiten duten aro horri egokitzapena esaten zaio. Pare bat ikasturtetik hona beste bat da aro hori ulertu eta izendatzeko lantzen ari den kontzeptua ikastolan : etxekotzea.

Lehen egokitzapena esaten zitzaion eta orain Etxekotzea. Zein da bien arteko diferentzia?
Labur esateko, egokitzapenak, bai kontzeptu legez eta baita prozesu moduan gehiago erantzuten zion haurra ezarritako baldintza eta eremu batzuetara egokitzeko ideiari. Etxekotzea berriz, haurren hezkuntzan parte hartzen dugun pertsona guztien arteko loturak ezartzea da, elkar egokitzea. Haurra, familia eta hura zainduko duten irakasleen arteko konfiantzazko harreman hurbila lortzea: etxeko bihurtzea. Orain arte haurra izan da prozesu guztian ardatz, eta orain ere horrela izaten jarraitzen du baina familiak eta hezitzaileak ere protagonismo hori partekatzen dute haurrarekin. Azken finean, guztien emozio eta sentipenak daude dantzan eraikitzen ari den harreman berri horretan

Zein da jarraitzen den prozesua?
Pixkanaka ezagutzen joatea. Familiak, Ikastola, beste heldu batzuk eta harremanak ezartzeko eta arreta emateko beste eredu batzuk ezagutu behar ditu. Hezitzaileok aldiz, gure gertutasuna eta konfiantza adierazi behar dugu familiekin konfidantzazko harremana eraiki ahal izateko.
Haurrari dagokionez, gurekin, hezitzaileekin atxikitzeko gaitasuna eta lotura afektibo esanguratsua lortzea da gure helburua.

Haur bakoitza mundu bat da…
Jakina. Horregatik, haurra ikastolara doan lehenengo aldia asko zaindu behar da, esperientzia positiboa izan behar du. Bakoitzak bere izaera eta erritmo propioa du eta hori errespetatzen saiatuko gara uneoro. Testuingurua zaindu eta erantzun sentikorren bidez atxikimendu segurua lortzeko baldintzak ziurtatu.

Zeintzuk dira gakoak?
Lehenengoa haurren premia oinarrizkoenei begirunez eta sentikortasunaez erantzutea. Hori lasaigarria da haurrentzat eta horixe behar dute seguru sentitzeko. Atseden erritmoekiko errespetua, elikadura, banan-banakako arreta… Horiek guztiak ikasturte osoan zehar kontuan hartzeko alderdiak badira, are gehiago etxekotze aro honetan.

Etxekotze aro honek ahalegin handia eskatzen die familiei ordutegi aldetik bereziki.
Jakitun gara ez dela erraza lan egutegiak eta etxekotze aroa bateratzea baina haurrarentzat berebizikoa da denbora horretan familiako helduaren erreferentzia bertan izatea. Haurrak urduritasun handiko egunak pasatzen ditu lehenengo eskola egunetan. Lotura berriak egin eta egoera errutina bihurtu artean batzutan negarrez, bestetan saltoka, hurrengoan haserre… azalduko zaigu. Prozesu horretan etxekoak ezinbestekoak dira.

Helduentzat ere Ikastolan etxekotzeko aro bat bada, ezta?
Bai, bi norabideko bizipena da. Hezitzaileok ere jabetzen gara horretaz. Gurera datozen guraso, aitita, izeko… zaindu eta gustura sentiarazten saiatzen gara, beraiek ere euren prozesu propioa bizi baitute. Bizipen pertsonala eta kolore askotakoa da, helburu bakarra duena: beraien haurra ondo zaindua eta maitatua izatea.