“Eskolako patioa aldatzeak ekarri du neskek zentralitatea irabaztea” [Argia]

Ikastetxeko kanpo espazioa aldatzeak Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleengan zein eragin izan duen aztertu du Haizea Egiartek; ikasleen arteko harreman, gatazka eta jarrerei nola eragin dien jaso du ikerketan, Asier Huegun zuzendari duela. Eta jaso du, baita ere, zein neurritan gainditu diren prozesuak izan dituen erresistentziak: patio berrian haurrak zaintzeko zailtasuna, eta futbola jolastokitik guztiz ezabatzeko hasierako nahia. “Eskolak apurtu behar baditu gizartearen zenbait inertzia, zergatik ez planteatu futbola kentzea?”. Artikulu bukaeran dituzu jolastoki berriaren irudiak.

Hezkidetza eta natura ardatz hartuta, ikastetxeko kanpo espazioa eraldatu zuten Durangoko Kurutziaga ikastolan. 2018an inauguratu zuten jolastoki berria, eta horren eragina ikertu du Haizea Egiartek, eskolako irakasle, guraso eta 81 ikasleren iritzia bilduta. Azken finean, “haurrek gutxienez 30 minutu igarotzen dute eskolako kanpo espazioetan egunero, 525 ordu ikasturtean zehar”, nabarmendu du.

Zergatik da garrantzitsua kanpo espazioa?
Haizea Egiarte: Irakasle moduan sarri gela barruko kontuei ematen diegu batez ere garrantzia, baina kanpo espazioa ere eskolaren parte da, ezin dugu ahaztu jolasteko leku aproposa direla kanpo espazioak eta umeek autonomia, psikomotrizitatea… jolasaren bidez ere garatzen dutela. Patiora irteten direnean, beraiek erabakitzen dute nola jolastu, zertara, irudimena erabiliz, helduek ezarritako arauetatik askeago, eta libreki eta inkontzienteki, ikasten ari dira hor ere.

Are gehiago, gela barrua eta kanpoa continuum bat da, erabilera hezitzailea eman dakioke lau hormetatik kanpoko eremuari, eta ezin da irakaskuntza gela barrura murriztu eta patioa izatea zaintzen duzun espazioa baino ez. Klasea planteatzerako orduan kontuan har dezakegu kanpoaldea, helburu didaktikoa duen ekintzaren bat antolatu ikastetxeko patioan edo auzoan, baliabide oso aberasgarria delako, zer esanik ez inguruan natura baldin badugu.

Asier Huegun: Gela barruan ez bezala, kanpoko espazioari maiz ez diogu funtzio hezitzailea aitortzen eta kontrolik gabe geratzen da, gizartearen estereotipo eta joera asko erreproduzitzen dira, eta hain justu horregatik ere inportantea da espazio horietan arreta jartzea.

Kurutziaga ikastolan bai, kanpo espazioa birdiseinatzeko aukera izan dute.
Egiarte: Kezka bi arlotan zuten batez ere: hezkidetza eta natura. Adibidez, garbi ikusten zuten patio erdian zuten futbol zelaiak dena jaten zuela, nagusiki mutilek jokatzen zuten futbolera, eta neskak patioko periferiatan mugitzen ziren. Hortik abiatuta, izugarrizko patioa egin dute, baina halakorik ez duten ikastetxeek ez lukete kanpo espazioa patiora mugatu behar, herrira zabaldu beharko lirateke: inguruan erreka, zelaia… baldin badituzu, zergatik ez irten ikastetxetik eta aprobetxatu? Beti ez da erraza, baina saiatzea merezi luke.

Huegun: Hala da, gaur egun eremuak eta espazioak bananduta eta zatituta ditugu, baina ikastetxeak komunitatea osatu beharko luke auzoan eta herrian, espazioek elkar eragin beharko lukete.

Balirudike hainbat espaziok edo jarduerak generoa dutela. Generorik atxikitzen ez zaizkion horietan (landa zabalak, mendixkak, belarrezko harmailak… ditu jolastoki berrituak) ikusten da bestelako harreman eta jarrerarik?
Egiarte: Bai, aipatzen duzun berdegunean esaterako. Futbolean erreferente ezagunenak gizonak dira, mutilentzako kirola dela barneratu dute nolabait; enbor gainean oreka mantentzea, txirristatik jaistea edo dorreak egitea, ordea, ez dago erreferente maskulino ez femeninoen esku, eta elkarrekin jolasten dute, aurreiritzirik gabe. 5. mailako mutilak oro har neskak baino hobeak baldin badira futbolean, ikusi dute neska asko mutilak baino hobeak direla oreka jolasetan, bestelako espazio horietan. Kontua ez da ea zein den zein baino hobea eta bestearen gainetik geratzea, baina neskak ahalduntzeko eta mutilak apaltzeko modua ere izan dira espazio hauek. Horrez gain, espazio ez determinatuak dira, eta aukera ematen dute hainbat gauzatan aritzeko, gaur esploratzaileak gara eta bihar txabola bat egingo dugu, ez daude beste joko batzuetan dauden arauak, eta beste harreman batzuk garatzen dira.

Huegun: Gainera, futbol zelaiak erdigunea hartzen zuenean zentralitatea mutilek zuten, eta espazioa aldatzeak eta beste jarduera batzuk erdigunera ekartzeak eragin du hierarkia hori aldatzea, neskek zentralitatea irabaztea.

Izan ere, jolas libreari eskainitako espazioa da orain patioaren erdigunean dagoena, eta berau da neskek gehien erabiltzen duten espazioa. Hori bai, ikerketak dio irakasleek apur bat animatu behar izan dituztela neskak espazio horiek “konkistatzera”, hain dute barneratuta periferian mugitzea.
Egiarte: Neskek ez dutelako ohiturarik erdigunea hartzeko. Zer egin dute Kurutziagan? Futbola ezin dugu kendu, baina gutxienez mugitu egingo dugu, bazterrean lagako dugu, eta sokasaltoan ibili nahi dutenek ez dute zertan iskin batean aritu, margotu nahi dutenek ez dute zertan bazterrean egon, zergatik ez jarri patio erdian halakoak egiten? Ikerketaren emaitzek diote oraindik asko falta dela neska eta mutilen gehiengoak batera jolasteko, baina neskek sentitu dezatela jolastokia eurena ere badela eta jolastokiaren erdian jardun dezaketela. Gizartean, festetan… emakumeok badugu joera bigarren planoan egotekoa, protagonismoa gizonek izatekoa, txikitatik hala izan delako, baina haurtzarotik neskek ikasten badute erdigunea beraiena ere badela, zentralitatea har dezaketela, indarra hartzen joango dira etorkizunean esateko “ni hemen nago eta lehen planoan nago”.

IRAKURRI ELKARRIZKETA OSOA