Erika Lagoma irakasleak Tene Mujika beka jaso du Estitxu Fernandezekin batera

Erika Lagoma Pombar ikastolako irakasleak Tene Mujika beka jaso du Estitxu Fernandez herrikidearekin batera amatasun disidente feministak argitara ekarri gura dituen elkarrizketa liburu bat osatzeko. Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolaturiko beka da Tene Mujika eta Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez-fikziozko proiektuak saritzen ditu. Orain urtebeteko epea izango dute irabazleek nork bere lana burutzeko, eta 2022an liburu gisa plazaratuko ditu biak Elkar argitaletxeak.
 

Erika Lagoma Pombar (Lesaka, 1981) eta Estitxu Fernandez Maritxalar (Lesaka, 1975) eskuz esku arituko dira amatasun disidente eta feministak erakutsi nahi dituzten elkarrizketa-sorta bat ontzeko. Amaren irudi patriarkal estereotipatuaz gaindi, eta superwoman-en amatasun neoliberaletik urruti, egungo sistema zalantzan jarri nahi duten ama izateko modu desberdinak: askotarikoak, errebeldeak, kontraesanei uko egiten ez dietenak. Hamaika bizipen, hamaika praktika, hamaika esperientzia. Eta horien ondoan, beren aitatasuna feminismotik bizi nahi duten bi gizonezkoren kasuak.