Asteartean egin genion Eneko Alberdi Uranga ikastolako langile eta ikasle ohiari agur ekitaldia. 2004az geroztik ziharduen ikastolan mantenuko lanetan eta irailaren amaieran zendu zen. Ekitaldi xume batekin esan gura izan genion agur ikastolako lankideek, sindikatuko kideek eta lagunek oro har. Hemen behean dituzue Enekorentzat idatzi eta bertan abestu ziren koplak.
Ekina, ameslaria,
umezale urduria.
Irrifarren konpontzaile
goxoa bezain handia.
Okrea eta marroia
udazkeneko sasoia.
Aspaldi bihurtu zinen
hostoen superheroia.
Goizez emeki-emeki
puntualtasunez beti.
Aspaldi jakin zenuen
atea nori ireki.
Denboraren joanari
erreparatuta adi,
irudikatzen zaitugu
gure ametsen giltzari.
Ez gaude malkoen ziegan,
bihotza has dadin hegan.
Berriz topa egiteko
Memoriaren Tabernan.
Adiorik ez, Eneko!