Ekin diogu 2017-18 ikasturteari. Udan bildutako indarrarekin eta ilusioarekin gatoz eta, ezin ukatu, baita deserosotasun batzuekin ere. Gure ikastola erabat eraldatuko duten lanak amaitzeko daude oraindik eta horrek hainbat gela behin-behineko egoeran mantentzera behartzen gaitu. Edozelan ere, lanek aurrera egin ahala egoera normaltasunera itzultzen joango da eta urria amaitu orduko gure begietako bi proiektu, Haur Hezkuntzako eraikin berria eta Kanpo Espazioaren eraldatzea burututa ikusiko ditugu.
Hasi berri dugun 2017-18 ikasturte hau ez da beste ikasturte bat gehiago bakarrik. Ikasturte honekin Kurutziaga Ikastolak 50 urte beteko ditu, mende erdia. Eta halaxe harrapatu gaitu efemerideak, etorkizuneko ikastola eraikitzen. 2005. urteko Ibilaldiko kantak zioen moduan, Ondo etorri eraikitzen gabizen etxera, gure leihotik, geroa ikusten da!.