DBHko Euskara Taldea Euskararen Ginakanako finalera sailkatu da

DBH3 eta 4. mailako ikasleek osatzen dute DBHko Euskara Taldea. Buletinean berri ematen joan garen lez, Euskararen Ginkana lehiaketan parte hartzen aritu dira joandako asteotan. Euskararen Ginkana Euskararekin eta euskaraz dibertitzeko lehiaketa da, Kutxa Ekogunearen eskutik antolatua. Seigarren edizioa du aurtengoa eta Gasteizko Amets Gaiztoak ikasle taldea, Donostiako Harri-Berri Oletako Gurasoen Euskara Batzordea, Getariako Artzape euskara elkartea eta Kurutziaga ikastolako DBHko Euskara Taldea izan dira lehen fasean puntu gehien bildu dituztenak. Finala zapatuan izango da, martxoak 9, Kutxa Kultur-en (Tabakalera eraikinean), 11:30etatik aurrera.

Lehenengo eta behin zorionak! Zein izan da finalera heltzeko egin beharreko bidea?

Eskerrik asko!… Bidea zein izan den? Bada, lau edo bost proba egainditu behar izan ditugu. Bideo batzuk grabatu, galdera batzuei erantzun, informazioa bilatu…

Nortzuk hartzen dute parte lehiaketa honetan?

Euskal Herriko hogeita zazpi taldek parte hartu dugu aurten. Batzuk gu bezala ikaslez osatuak, beste batzuk guraso taldeak, euskaltegietakoak… Horietatik lau pasatu gara finalera.

Finalisten taldeak ikusita, badirudi zuek ez beste guztiak helduek osatuak direla. Ez da erraza izango sari nagusiko 3000 euroak irabaztea!

Ez. Ez dirudi oso erraz daukagunik baina saiatu, saiatuko gara. Gainera, talde bakoitzak diru hori lortuz gero egingo lukeen proiektu bat aurkezten du eta, gure kasuan,  sari nagusia irabaziz gero, diru hori etorkinentzako materiala egiteko erabiltzea da gure asmoa.

Lehiaketatik aparte, Euskara Taldea zareten neurrian, zelan ikusten duzue euskararan erabilera ikastolan bertan?

Ikastolaren eremuan bertan nahikotxo erabiltzen dela uste dugu, nahiz eta gehiago erabili beharko litzatekeen. Hori bai, indarra egin beharko genuke hemengo erabilerak kanpoan ere jarraipena izan dezan.

Gure aldetik besterik ez. Zorterik onena zapatuan, eta gozatu!

Behean Euskara Taldeak Euskararen Ginkanako probak gainditzeko egin behar izan dituen bideoak dituzue: