Hogeita zazpi urte daroaz Begoña Miguelek ikastolako garbiketa lanetan. Lankideak joaten, batzuk betiko, eta ikastola eraldatzen ikusi du urteotan. Hirurogeita lau urterekin, ondo merezitako erretiroa hartuko du aurten.
Arratsaldeko 15:00ak dira. Asko irteteko ametsetan daudenean sartzen zara zu lanera.
Bai, eta hemen arituko naiz 21:30ak jo arte. Horixe da nire lana, eta horixe egin dut joan diren hogeita zazpi urteotan.
Gogoan duzu noiz hasi zinen Kurutziagan lanean?
Izango ez dut, ba! Hiru garbitzaile zeuden orduan: Puri, Maribel eta Isabel. Isabelen lekua hartu nuen nik, eta gaur arte! Ikastolako txaleta hortxe zegoen oraindik. Jose Alberdi eta Santi Belar zeuden atezaintza eta mantenu lanetan orduan. Pena handia hartu genuen Santi hil zenean. Oso ona zen gurekin. Gerora, Keparekin ere harreman bikaina izan genuen.
Orduan ikastola txikiagoa zen, lana ere bai?
Alderantziz! Orduan hiru langile baino ez ginen. Gaur egun bederatzi gara, nahiz eta jardun osoan neu bakarrik egon. Eta, gainera, garai haietan Anton Marik (orduko kudeatzaileak) urtero kamioikada bat hare ekartzen zuen ikastolara. Auskalo zenbat tona hare bildu ditugun ikasgeletan!
Hainbeste ume dabilen lekuan txukuntasuna ez da erraza izango…
Esango nuke gaur egun txukunago aurkitzen ditugula gelak garai batean baino. Beste alde batetik, egia da lanerako tresnak eta produktuak ere askoz egokiagoak darabiltzagula eta horrek asko errazten duela lana.
Aurten erretiroa hartuko duzu, ezta?
Bai, hirurogeita lau urterekin nahikoa egin dudala uste dut, eta okerrik ezean halan izango da. Irakasleen artean ere nire adintsukoak izan direnak joaten ikusi ditut azkeneko urteotan, eta uste dut orain neuri dagokidala.
Irakasle jendearekin ere izan duzu harremana, noski?
Denekin konpondu izan naiz ondo. Esan dizudan lez, hasieran ezagutu nituenetako gehienak dagoeneko ez dira ari ikastolan lanean. Bat edo beste ilobak ekartzen edo jasotzen ikusten dut. Tratu handia eta atsegina izan dut guztiekin.
Baten batek berandurarte geratzeko ohitura ere bazuen…
Bai. Txotxe sarritan egoten zen bere tailerrean sartuta eta, joan behar nuenean, esan egin behar izaten nion: “Txo! Mugitu bestela hementxe giltzapean utziko zaitut!”. Pertsona maitagarria zen, benetan.
Erretiroa hartu eta ez duzu, bada, lana faltan hartuko?
Lana ez, hori ez dut uste. Lankideekiko harremana eta hemengo giroa, seguru baietz. Hainbeste urte dira hemen, etxera banentor lez etortzen naizela ni hona.
Eskerrikasko Bego, hainibeste urtean sarritan ikusi ere egiten ez den lan ikusgarria egiteagatik.