Azken aste hauetan, gure jangelan elikagaien xahuketa ardatz duen proiektu pedagogiko bat martxan jarri dugu. Protagonistak LH5. mailako ikasleak dira.
Proiektuaren lehen fasean, 5. mailako neska-mutilak 1.mailako ikasleen jangela txandan parte hartzen ari dira. Haien eginkizuna ez da soilik laguntza ematea, baizik eta, txikiekin elkarrekintza bidez, janarien balioaz eta xahuketaren arazoaz kontzientzia sortzea. Egunero, janari hondarrak jasotzen eta pisatzen dituzte eta bi asteko epean (martxoaren 31tik apirilan 11ra arte) datu guztiak bilduko dituzte.
Proiektuaren bigarren fasean, datu horien bidez, batez besteko parametro bat aterako dute eta hortik abiatuta, ikasturte osoan 1. mailako txandan zenbat janari soberakin sortzen den kalkulatuko dute. Lan honek datuak interpretatzeko aukera emango die. Ondorioak ateraratzeko eta elikadura jasangarriago baten alde proposamen zehatzak egiteko aukera izango dute.
Proiektu honen helburuak ikasleek ezagutza teknikoa eskuratzea (pisatzea, kalkululatzea, datuen interpretazioak …) eta baita balioetan heztea da, erantzukizuna, ingurumenarekiko errespetua eta elkarlana sortuz eta landuz.
Aldi berean, proiektu hau beste maila batzuetara zabaldu nahi dugu, guztion artean jangelako elikagaien erabilera hobetzeko eta xahuketa murrizteko pausoak emanez.