Badator Korrika!

Bihar abiatuko da Atharratzetik 24. Korrika. Bihartik aurrera, hamaika egun zirraragarri biziko ditugu Euskal Herri osoko euskaltzaleok bi urterik behin burutzen den ekimen hunkigarri honi esker. Oilo-ipurdia jarriko zaigu, malkoren batek ihes egingo digu, emozioaren emozioz pentsatzen genuena baino ibilbide luzeagoa egingo dugu arineketan… Berriz ere euskaldun izatearen harrotasuna sentituko dugu, eta gure hizkuntzak bizi duen une zail honetan pizkunde berria inoiz baino beharrezkoagoa dela berretsiko dugu.

Dena prest dago, Kurutziaga ikastolan ere, prest gaude. Prest gaude Korrikaren egunez eguneko jarraipena egiteko, prest daukagu Argitxo lekukoa herririk herri eramateko, petoak prest, zapatilak prest, eta inportanteena, ikasle eta irakasleak gogotsu euskararen alde egiteko!

Kurutziagako Korrika Batzordea ikastolan goizetik arratsaldera etenik gabe Korrika martxan izateko antolaketa-lanetan ibili da astion ere. Eguraldia lagun badugu, martxoaren 24an, asteartean,izango dugu Korrika egun osoz martxan ikastolan. Eguraldiak asko ez balu lagunduko, beste egun batera pasatuko genuke.

Hasi berotzen… Gora Korrika! Gora Aek! Euskara gara!