Gaba baltza

Badator Gaba Baltza, kalabazak hustu eta kandelak pizteko unea

Badator Gaba Baltza Euskal Herrira. Urriaren 31tik azaroaren 1erako gaua berezia izango da. Jai horrek euskaldunok ospatu izan dugun tradizio bat berrasmatzea du helburu, euskara, komunitatea eta ez-kontsumismoa ardatz hartuta. Durangoko Hezkuntza Foroan hainbat eragilek elkarlanean gaia landu ostean, aurten ere, bigarrenez kasu honetan Durangoko Gaba Baltza antolatuko dugu barriro.

Kurutziaga Ikastolako komunitateak parte aktiboa izan gura du ospakizun honetan, horretarako familien lankidetza eskatu gura dugu: Nola? Batetik, egun horretarako mozorroak sortzeko etxeko arropa eta trapu zaharrak ikastolara ekarriz (idazkaritzan bihartik aurrera egongo den kutxan utzita). Eta bestetik, urriaren 31n bertan, osteguna, 16:30ean ikastolako jantokian egingo dugun mozorro tailerrean parte hartuz (ikus mozorro ereduak). Gero, zuzenean Tabiratik 19:30ean aterako den herri-kalejiran parte hartuz (Ikus kalejiraren ibilbidea). Umeek ikastolan ikasiko dute espreski egun honetarako sortu den eskerako kantua, gurasook ere ikas dezagun. Lotura, HEMEN.