Arazeli Alberdi. Kurutziaga Ikastolako irakaslea.
Ikasturtea amaitzearekin batera hartuko du erretiroa Arazeli Alberdik. Ia berrogei urte Kurutziagan. Ikastolan jubilatuko den belaunaldi zabal baten azken ordezkarietakoa da irakasle berriztar durangartua.
Noiz hasi zinen Kurutziagan beharrean?
1979/80 ikasturtea zen. Ikasketak amaitu berritan Eibarren egin nituen bi urte 3. mailako umeekin eta gero, artean esperientzia gitxirekin, Durangora heldu nintzen. Oker ez banago Andoni Barreñaren eszedentzia bat tarteko ailegatu nintzen hona.
Ailegatu eta…
Hasiera gogorra! Euskara eta Gizarte eman behar nituen, orduan bigarren etapa esaten zitzaionean (OHOko 6., 7. Eta 8. Mailak), libururik ere apenas zegoen… Gogoan dut alboko gelan Xabier Garagorrik, orduan zuzendari zenak, ematen zituela klaseak eta hura zen, zelan esan, autoritate bat zen eta ni, ba, hasiberri bat. Gainera, ikastolara etorri eta urte batez edo biz institutuan eman genituen klaseak ze, gaur egun LH osoa dagoen eraikuntza egiten ari ziren orduan.
Denak batu zitzaizkizun orduan!
Eskerrak lan talde aparta nuen inguruan! Miren Onandia, Jon Salaberria, Edu Barinaga, Antton Anasagasti, Julen Elordi… Babes handia zen. Egia esan, geneuzkan bitartekoekin oso gauza aurrerakoiak egiten genituela uste dut. Irratiarekin ere garai hartan hasi ginen, Edu Barinagaren bultzadaz, esango nuke. Iurretako Maiztegi herri eskolan zegoen irratia egiteko tresneria orduan eta, han joaten ginen, Kurutziagan saioa prestatu eta denok Iurretara. Batzutan entzungo zen eta, bestetzutan, kableren bat edo zeraren bat falta eta emititu barik, buelta ikastolara!
Arazeli lankide birekin laurogeigarren hamarkadan.
Bestelako garaiak ziren.
Egia da gaur egun pentsaezinak liratekeen gauzak egiten genituela: eguraldi ona zela eta ikasgelako guztiak Momotxo aldera joan, Axpera bizikletan… Lasaiago ere bizi ginen, gurasoek ontzat hartu ohi zuten ia beti guk egindakoa.
Bistan da gurasoen perfila aldatu dela baina, baita ikasleena ere, ezta?
Begira, sarritan badugu halako joera bat iraganean dena beti hobea izan zela pentsatzekoa eta, beharbada ez gara ohartzen memoriak berak ere badituela bere trikimailuak. Ikasleak aldatu dira, jakina. Gizartea bera aldatu da. Baina orduan eta orain, umea ume. Bere jakin mina eta zure mugak bilatzeko joera hori hor dago beti. Okerkeriak ebidenteagoak zirela lehen beharbada? Baliteke. Teknologiak eta sare sozialek kontu hori apur bat korapilatu dute. Baina orain ere, ni hasi nintzenean bezala, ikastolako komunek, adibidez, jarraitzen dute halako ezkuturako iman bat izaten.
Zelan eusten dio batek egunero gaztetxoekin ekinean aritzeko gogo horri?
Nik ez dut gogo hori inoiz galdu. Desesperatu behin baino gehiagotan egingo nintzen, baina gure ofizioa gogo barik egiten zaila dago. Badira egunak zalantzaz beteta zoazena etxera eta, hala ere, denborarekin ikasten duzu biharamunean kezka hori, akats hori, konpentsatzeko aukera izango dela. Lanbide honen gauza onetako bat da aukera asko ematen dituela.
Abel Barriola Kurutziagara etorri zen 2008an, banakako finala galdu berritan.
Eta Ikastolak? Zer eman dizu zuri Kurutziagak?
Ia berrogei urte beteko ditut hemen lanean. Sarritan pentsatzen dut nire bizitzaren zati handi bat eskaini diodala ikastola honi baina, era berean, kontziente naiz, naizenaren zati handi bat ere, ikastolari esker naizela. Hemen ezagutu dudan jende piloa, lankideak, ikasleak… Ez da gitxi!
30. urteurreneko bazkarian 1969ko eta 1979ko belaunaldiko ikasleekin.
Eta ekainean, kitto hemengoak. Gero erretiroa.
Penstatzen dut batzutan, bai. Ene! Nire azkeneko inauteriak, azkeneko jaialdia… Baina geroko ez dut asmo berezirik. Bizitzak erakutsi dit planik eginda ez edukitzeak ekartzen dituela sarritan planik onenak.