Familien iritzia jasotzeko helburuagaz ikastolak egindako galdetegian, zerbitzuen atalean opor garaiko aisiaren eskaintzak jaso du puntuaziorik txikiena. Egoera horren aurrean, Kurutziagak gaia sakon aztertu eta herriko taldeekin eskaintza berreskuratzeko pausoak eman ditu. Hartara, Berbaro euskara elkarteagaz eskainiko ditu udaberriko eta udako eskaintzak. Elisabete Piedra Berbaroko kidea izango da zerbitzuaren arduraduna.
Aurten Berbarok Kurutziaga Ikastolako udaberriko eta udako aisialdi eskaintzak dinamizatuko ditu. Zer nolako eskaintzak prestatu dituzue?
Guretzat aisialdia ez da denbora pasatzeko tartea soilik; garapen pertsonalerako eta sozialerako aukera ere bada. Horregatik, programazio anitza eta orekatua diseinatuko dugu, parte-hartzea, talde esperientzia eta sormena ardatz hartuta. Giro segurua eta euskalduna bermatzea ere funtsezko oinarria izango da.
Zein jarduera mota izango dira nagusi?
Denetarik izango dugu. Jarduera ezberdinak prestatu ditugu. Sormenetik hasita, kirola eta mugimendura, jolas ezberdinak, eskulanak… Ekintzak aurrera eramateko Durangon dauden kanpo espazioak erabiliko ditugu, inguruaz gozatzeko.
Zein adin tarteri zuzenduta daude jarduerak? Nola egokitzen dituzue proposamenak adin bakoitzera?
3 – 7 urte artekoentzat zuzenduta daude jarduerak. Adin bakoitzerako programazio zehatz bat prestatu dugu, taldearen izaerara egokituta. Haurren gaitasunak eta interesak aintzat hartuz. Urteak daramatzagu programazioak egiten eta horren ondorioz, adin tarte bakoitzean zein jarduerek funtzionatzen duten ondo dakigu.
Zer balio sustatu nahi dituzue aisialdi eskaintza hauen bidez?
Euskara ardatz izanda, gure aisialdi eskaintzaren bidez balio garrantzitsuak modu natural eta dibertigarrian landu nahi ditugu. Errespetua, elkarlana, autonomia eta enpatia sustatzen ditugu, jolasa eta bizipen positiboak oinarri hartuta. Helburua da haurrek ondo pasatzeaz gain, pertsona bezala hazten eta elkarrekin bizitzen ikastea.
Euskararen erabilera sustatzea izango da ardatzetako bat. Nola lantzen duzue hizkuntza modu naturalean eta motibagarrian?
Aurretik aipatu bezala gure egonaldiek euskara dute oinarri. Horretarako, dinamika, abesti, ipuin eta talde jolasen bidez euskaraz aritzeko egoera erreal eta dibertigarriak sortzen ditugu. Aurreiritzi gabeko espazioak sortu nahi ditugu euskara naturaltasunez erabili ahal izateko.





