Ikasturte berrian ere ohitura osasuntsuei eutsi diegu Kurutziagan. Hartara, bazkalostean hortzak garbitzeko proiektua martxan da LH 2. mailako ikasleekin. Ines Okaraza eta Amaia Sanz jantokiko hezkuntza proiektuko arduraduenek egitasmoaren berri eman dute.
Noiz eta nola sortu zen hortzak garbitzeko sistema martxan jartzeko ideia?
Programa hau 2022an sortu zen, gurasoen ekimenez, gurasoek proposatutako ideia batetik bideratu zen, haurren aho higienea ikastolako ordutegian sustatzeko helburuakin. Ideia hori garatzeko, denbora hartu genuen eta gaia ondo aztertu ondoren zuzendaritzaren, Artezkaritzaren eta Ausolanen laguntzarekin aurrera eraman genuen proiektua.
Zein da ekimen honen helburu nagusia?
Helburu nagusia, hortzen higiene ohitura sustatzea da, ohitura osasuntsuak txikitatik barneratuz. Horrez gain, proiektu honek helburu hezitzailea duela uste dugu, ikasleek arduraz jokatzen ikasten dute eta taldean parte hartuz ohitura egokiak bereganatzen dituztelako. Ekimen honek osasun integrala, ardura pertsonala eta ohitura osasuntsuen garrantzia barneratzen laguntzen die ikasleei.
Nola antolatzen da hortzak garbitzeko sistema? Boluntarioa da?
Aho hortzen programa hau bazkalostean egiten da, modu antolatuan eta lasaian, haurrek euren txanda dute hortzak garbitzeko, zaintzapean eta etxetik ekarritako beharrezko material guztiarekin.
Lehen Hezkuntzako 2. mailako ikasleek parte hartzen dute, adin horretan ardura berriak hartzea gustoko dute eta ohiturak errazago barneratzen dituzte. Parte hartzea hautazkoa da, familia eta haur bakoitzak erabakitzen du parte hartu nahi duen ala ez. Gure helburua ez da inor behartzea baizik eta ohitura osasuntsu bat modu atsegin eta motibatzailean sustatzea.
Zein balorazio egiten duzue?
2022an martxan jarri zenetik, hortzak garbitzeko proiektuak bilakaera oso positiboa izan du, proba moduan abiatu genuen baina hiru urte hauetan ohitura sendo finkatu da gure eguerdi tarteko egunerokotasunean.
Haurrek, ilusioz parte hartzen dutela ikusi dugu, eguneroko errutinaren parte bilakatuz. Familien aldetik ere oso harrera ona izan duela ikusi dugu.
Hortzark garbitzeko jarduera ez da soilik eguneroko ekintza bat, baizik eta hezkuntza balioetan oinarritutako proiektu bat; osasuna, ardura eta ongizatea modu atsegin eta partekatuan lantzeko aukera. Gure helburua datozen urteetan programarekin bide honetan jarraitzea da.






