Umeek eta familiek ikastolarekin izaten duten lehenengo kontaktua gehienetan 0-3 urte artean gertatzen da. Aro berri horretan, lotura afektibo berriak sortzeko eta errutinetara ohitzeko etxekotze prozesua behar-beharrezkoa izaten da. Haurren premia oinarrizkoenei begirunez eta sentikortasunez erantzutea izaten da helburu nagusia. Etxekotzea umearentzako ez ezik familia guztiarentzako prozesua izaten da, Kurutziagako hezitzaileak bidelagun dituztela. Kristina Calvo HHko 1. zikloko hezitzailea da.
Zelan joan da ikasturte hasierako etxekotze prozesua?
HHko 1. zikloan etxekotzearekin hasi gara. Gogotsu eta urduri nabaritzen dugu geure burua. Lehenengo egunak errazenak izaten dira: etxekoak gela barruan, saioak laburrak dira, espazioak erakargarriak. Egunak pasatu ahala, ordutegia luzatzen goaz eta etxekoak kanpora irtetzera gonbidatzen ditugu. Agur hitza agertzen da. Gustura egon arren, banaketa gertatzen denean egoezina sor daiteke.
Bestalde, loaldiak, bazkalordua ere oso une inportanteak dira, zaindu eta mimatu beharrekoak bat-batean etxekoak ez daudelako inguruan eta etxean bakoitzak bere ohiturak dituelako. Ofizialki etxekotzea amaituta egon arren hile oso bat dugu aurretik. Izan ere, ume bakoitza mundu bat da eta bere denbora behar du egoera berri honetara egokitzeko.
Honetaz gain, guretzako oso garrantzitsua da 0-2 urte arteko geletako ikasle kopurua. Horregatik, zerbitzu eta arreta hobe bat eskaintzeko talde bat gehiago sortu dugu, ratioa jaitsiz.
Etxekotzea zergatik da hain garrantzitsua?
Ikastolara etorri aurretik adin honetan familia mundua baino ez dute ezagutzen; haiek dira erreferentziazko figurak, segurtasuna ematen dutenak eta haien behar fisiologikoak eta emozionalak betetzen dituztenak. Beldurra dutenean, min dutenean… Familia da lasaitasuna eta maitasuna ematen duena. Ikastolara hurbiltzen direnean errealitate berri baten aurrean aurkitzen dira: espazio berria, heldu berriak, ume berriak eta baita hezitzeko eta egoteko era ezberdin bat ere.
Etxekotzearen helburua elkar ezagutzea eta gure artean lotura afektibo bat eraikitzen joatea da, pixkanaka gela barruan gu haien erreferenteak bihurtzea. Zubi lana egin behar dugu etxea eta ikastolaren artean lotura afektibo bat sortzeko. Hau lortzeko umeak gure sentikortasuna sentitu behar du, gure disponibilitatea, erantzun egoki bat eman behar diegu haien premiei… eta hori lortzeko sasoi hau behar-beharrezkoa dugu. Etxekotzeari denbora asko eskaintzen diogula ematen duen arren, gure iritziz oso denbora laburra da lotura hau eraikitzeko.
Zeintzuk izaten dira gurasoen ardurak eta beldurrak?
Alde batetik banaketa bera, gehien bat lehenengoz gertatzen bada: ondo egongo dira?, nire moduan zainduko dute umea?, negar asko egingo du?, zelan lokartu da nirekin bularrean lokartzen bada?, beste umeekin zelan konponduko da? Horiek dira haien ardura nagusiak. Apurka-apurka elkar ezagutzen goazen heinean konfiantzan oinarritutako harreman bat eraikitzen hasten gara eta lasaitu egiten dira. Beste kezka bat izaten da ea etxekotzea noiz amaitzen den lanera joan behar dutelako.
Gurasoen aldetik zein feedback jaso duzue?
Urtero bezala; familia gehienak oso pozik daude egindako lana dela eta. Gure pazientziagatik zoriontzen gaituzte. Konfiantza eta gertutasuna ezinbestekoak dira. Nik askotan esaten dut etxekotzea ez dela umeentzako bakarrik, familiak ere zaindu eta lasaitu behar ditugula. Ulertzen dugu familientzak batzuetan une delikatuak direla; horregatik irailean egiten ditugun banakako bilerak oso inportanteak dira elkar ezagutu, informazioa trukatu eta haien kezkak ezagutzeko.
Hurrengo ziklora pasatzerakoan, hiru urtekoen gelan ere etxekotzea egiten duzue.
Bai, ziklo aldaketak etxekotze berezia eskatzen duela uste dugu. Hiru urteko gelara pasatzerakoan aldaketa nabarmenak gertatzen dira. Eraikin, irakasle eta ohitura berriak izaten dira. Horregatik, etxekotzea egitea garrantzitsua da adin horretan ere. Ikasturte hasieran ate irekien jardunaldia egiten dugu arratsaldez, familiek eta umeek irakaslea eta espazio berria ezagutzeko. Esperientzia oso aberasgarria izan da eta emaitza oso onak izan ditugula azpimarratuko nuke.