50. urteurreneko logotipoa

Aurreko astean azaldu genizuen moduan badaukagu 50,. urteurrenerako logotipoa. Bizitzeko hezi leloari irudi dinamiko eta koloretsua gehitu diogu. Erdigunean Kurutziga Ikastolaren betiko logoaren bi hegalek ostzen duten zirkulua mantendu dugu baina kolore askotariko “pertsonez” inguratu dugu, ikastolak bera biltzen duen aniztasunaren seinale. Eta guztien artean zazpi puntako izarra, edo eguzkia (bakoitzaren begiradaren arabera) osatzen dute, urteurren garrantzitsu honi argia emango diotenak.

Prozesua

Gabonen aurretik etxeko lanak bidali genizkien gure ikasleei. 5o. urteurrenerako irudiak bilatzen genituen eta mordoxka jaso genituen eta dotore askoak gainera (ikusgai jarriko ditugu).  Bildutakoen artean talde batek aukeraketa bat egin zuen, logotipo bati begira eta leloarekin lotuta baliogarrienak izango zirelakoan.

Logotipoaren bila

Egindako aukeraketarekin diseinuko profesionalengana jo genuen. Logotipo batek sintetikoa izan behar du, irudi bakarrean ideia indartsu bat bildu eta gehiagorako ateak zabaltzen baditu are hobeto. Guztion artean bi marrazki bereiztu genituen, bai iradokitzen zituzten ideiengatik eta baita euren indar ikonikoagatik ere.

“Eguzkia”

“Eskutik helduta”

Azkeneko emaitza

Eguzkiaren marrazkiari konposizioa eta transmititzen zituen indarra hartu genizkion. “Eskutik helduta” marrazkiari berriz, iradokitzen duen ideia: ezberdinen artean, eskutik helduta, elkartzen gaituen mundua zaindu, aldatu edo hobetu dezakegula. Halabada, bion baturatik sortu zen gaur aurkezten dizuegun logoa.  Zuen gustukoa izango ahal da!