Azaroak 25: Berdintasunaren eta errespetuaren haziak ereiten ikastolan
Azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean, gure ikastolak berriro ere argi eta ozen adierazi nahi du indarkeria matxistaren edozein adierazpenen aurka dagoela. Egun hau ez da soilik salaketarako eguna; hausnarketarako, sentsibilizaziorako eta berdintasunean oinarritutako harremanak aldarrikatzeko unea ere bada.
Hezkidetza eguneroko lana den arren, egun berezi honetan ikastolako maila guztietan hainbat jarduera landuko ditugu, eta komunitate osoa batuko duten ekimenak ere egingo ditugu:
Ekintzak etapaz etapa
- Haur Hezkuntzan: Txikienek tratu onen balioak barnera ditzaten, bi jarduera berezi egingo dituzte. Alde batetik, Ipuin Kontaketa Moreak izango dituzte, maitasuna, errespetua eta genero-estereotipoak hausten dituzten istorioak landuz. Bestetik, Zapi Moreen Tailerra egingo dute: ikasle bakoitzak oihalezko zapi txiki bat dekoratuko du margoekin eta laguntasunaren ikurrekin, ondoren motxilan lotuta eramateko.
- Lehen Hezkuntzan: Tutoretza saioan “Hitz Kaltegarriak vs Hitz Lagungarriak” dinamika landuko dute bi kutxaren bidez. Batetik, mindu egiten gaituzten esaldiak edo jarrerak idatzi eta txiki-txiki eginda kutxa beltzean sartuko dituzte, modu sinbolikoan baztertuz. Bestetik, paper moreetan harreman politen ezaugarriak (lagundu, entzun, babestu, jolastu…) eta indarra zein babesa ematen dizkiguten hitzak idatziko dituzte, kutxa morean gordetzeko eta asteazkeneko muralean erabiltzeko.
- DBHn: Ordubeteko saio berezia izango dute ikasleek. Dinamika ezberdinen bidez, indarkeria matxistaren aurpegi guztiak identifikatzen ikasiko dute, baita egunerokoan oharkabean pasatzen diren jarrera sexistak ere. Horretaz gain, genero-desberdintasunak eta barneratuta ditugun genero-rolak zalantzan jartzeko eta horien inguruan hausnartzeko aukera izango dute. Bestetik, A-25eko Adierazpen Kolektiboa egingo dute. Talde feministako kideek ikasle eta irakasle guztiak 11:30ean patioan batzeko deialdia egingo dute. Bertan, manifestua irakurriko dute, indarkeria matxistarik gabeko gizarte baten aldeko aldarrikapena egiteko eta guztion konpromisoa adierazteko.
Ikastola osoko ekimenak
- Ikastola Morez Jantzi: Elkartasun eta aldarrikapen keinu gisa, ikasle, irakasle eta langile guztiei egun horretan arropa edo osagarri more bat (kamiseta, zapia, lazoa…) janzteko deia egiten dizuegu.
- “Berdintasunaren eta Errespetuaren Loreak” mural kolektiboa: Ikastolako jolastokian zuhaitz biluzi baten irudi handia jarriko dugu. Ikasle bakoitzak paper more batean indarkeria matxistaren aurkako mezu bat, konpromiso bat edo tratu onen aldeko hitz polit bat idatziko du. Denon ekarpenekin, zuhaitzari hostoak eta loreak emango dizkiogu, berdintasunaren aldeko zuhaitza loratuz.
Guztion artean eta guztiontzat, gaur eta egunero, tratu onen eta errespetuaren alde!
IKASTOLAKO HEZKIDETZA ARDURADUNA.





