Ekainaren 3an ikastolatik Zuhatzarantz abiatu ginen. Irlara iritsi aurretik, Landan egin genuen geldialdia: bazkaldu genuen eta uhartera sartzeko ordua heldu bitartean bertan eman genuen denbora.
Zuhatzak eguraldi ederrarekin hartu gintuen, eta era berean agurtu ere. Tarteko egunean euria eta freskura izan genituen arren, LH6ko ikasleen umore onak eta elkarrekin ondo pasatzeko gogoak lortu zuten eguraldiak gure esperientzia ez zapuztea (arropa bustitzea besterik ez zuen lortu!).
Ur-ekintza ugari egiteko eta haietaz gozatzeko aukera izan dugu, eta Zuhatzak oroitzapen ederra utzi du guregan.
Ikasle batek esan duen moduan:
Agur, Zuhatzako ura,
zu zara nire laguna,
ez nauzulako eraman barrura.
Eskerrik asko, Zuhatza, bizitako une zoragarri hauengatik!



















































































































































