Kurutziagan komunitateak komunitatearentzat egiten duen ekarpenaren adibide da Mari Luz Guenaga. Hiru urtean Durangoko Ikastolako presidentea izan da. Hurrengo Batzar Nagusian, ekainaren 4an, lekukoa utziko du. Mila esker, Mari Luz!
Hainbat urtez Kurutziagako presidente izan zara. Bide honetan zer ikasi duzu?
Hiru urte hauetan gauza asko ikasten dira bidean, baina, batez ere, Kurutziaga Ikastola barrutik, bere testuinguruan eta sakonki ezagutzeko aukera eman dit kargu honek. Ikastolaren eguneroko funtzionamendua zein den ulertzeaz gain, argi ikusi dut zein garrantzitsua den eguneroko kudeaketa eta epe ertain-oraineko ikuspegi estrategikoa uztartzea. Ahaztu gabe Ikastolak mugimenduaren parte garela, horrek suposatzen duen guztiarekin.
Jabetzen zara erakunde oso konplexua dela gurea. Ingurune eta gizarte aldakorrean mugitzen gara, eta gure jarduerari —gure haur eta gazteen hezkuntza— gai askok eragiten diote, esaterako, haur, familia edo langileei gertatzen zaionetik hasi, eta gure jarduera-esparrua zehazten duten hezkuntza-politiketaraino. Erronka handiak ditugu aurretik, baina bide honek balio izan dit Kurutziaga osatzen dugun komunitatea eta sortzen diren dinamiken balioa ikusteko. Lankidetza horretan datza gure indarra.
Azken finean, esperientzia honek gure komunitateko kide bakoitzak egiten duen lan bikaina eta borondatea sakonago ulertzen eta are gehiago baloratzen lagundu dit.
Zein izan da erronka handiena?
Erronka handiena etengabe aldatzen ari den gizarte bati erantzutea da, Kurutziagaren bisioan eta balioetan oinarritutako kalitatezko hezkuntzari eutsiz. Aldaketa horrek lau fronte nagusitan azaldu daiteke:
-Krisi demografikoa: Jaiotza-tasaren jaitsiera gelen planifikazioari zuzenean eragiten dio. Eragin handiko auzia da, eta lanean ari gara dagoeneko honi aurre egiteko.
-Hezkuntza Lege berriak ziurgabetasun eta lan handia dakar esparru juridiko berri honek itunpeko sarean eta gure ikastolan.
-Erronka linguistikoa: Gizarte-errealitate berriaren aurrean, euskararen erabilera bermatzeko murgiltze eredua indartu eta berrasmatu beharra daukagu.
-Digitalizazioa eta AA: Teknologia berriek irakasteko modua aldatu dute, eta berrikuntza pedagogiko etengabea eskatzen digute. Hauek, beti ere, hezkuntzan duten onurari begiratuz eta ikaslea erdigunean jarriz.
Laburbilduz, erronka nagusia eraldaketa horien guztien erdian Kurutziagaren norabidea eta izaera sendo mantentzea da.
Zelan ikusten duzu momentu honetan Kurutziaga?
Une honetan Kurutziaga oso indartsu eta osasuntsu ikusten dut. Hala ere, ez dugu iparra galtzen: etortzeko dauden erronketarako prestatzen ari gara etengabe. Ez gara autokonplazentzian erortzen; badakigu non hobetu dezakegun eta adi entzuten dugu gure ingurua, gaur egungo eta etorkizuneko familien beharrei eta errealitate anitzei erantzuteko.
Ildo horretatik, ikasturte honetan Plan Estrategikoan lanean ibili gara, eta horrek aukera eman digu Kurutziagari eragiten dioten alderdi guztien inguruko hausnarketa sakona egiteko.
Etorkizunari begira, lasaitasun handia ematen dit jakiteak profesional talde bikaina dugula, zuzendaritza on baten gidaritzapean. Gure lan-taldea kalitatearen bermerik handiena da eta sekulako konfiantza sortzen du biharko Kurutziaga eraikitzen jarraitzeko.
Zer esango zenioke zure testigua hartzen duen pertsonari?
Esango nioke ohore handia eta erantzukizun ederra dela Kurutziagako presidente izatea. Baina, batez ere, lasaitasun mezu bat helarazi nahi diot: ez dago bakarrik, ezta gutxiago ere! Sekulako konfiantza eta babesa ematen du Artezkaritza taldeak, zuzendaritza taldeak eta, orokorrean, Ikastolaren misioan laguntzeko eta indarrak jartzeko prest dagoen komunitate guztia hor dago. Zorte on eta gozatu bideaz!
Eta Kurutziagako komunitateari?
Zorte handia dugu Kurutziagako kide izateaz. Guraso gisa, pribilegioa dugu gure seme-alaben hezkuntzan eta pertsona gisa izango duten prestakuntzan modu aktiboan parte hartzeko. Proiektu polit eta ilusionagarria da gurea, erronka handiak dituena aurretik, baina zalantzarik gabe, komunitate gisa askoz hobeto helduko diegu erronka horiei guztiei, elkarrekin bagara.
Azken hitzak, familiei dei hau luzatzeko: gehien eragiten edo interesatzen zaizkizuen alorretan inplikatu zaitezte. Animatu proposatzera, parte hartzera eta gure gazteen hezkuntza zein bizitza hobetzeko lan egitera. Guztion ekarpena da Kurutziaga egiten duena!





