4. DBHko ikasleek Zornotzan antolatu duten I’M Bizi 2025 jardunaldietan parte hartu dute gaur, Gaztedi Durangaldearen markopean, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Durangaldeko Udaletxeek sustaturiko programaren barruan.
Gazteek lan- eta etorkizun-proiekzio akademikoari loturiko erabakiak hartu behar dituzten unean, jardunaldi honek ibilbide profesional eta formakuntza-eskaintza ezberdinei buruzko orientazioa eta laguntza eskaintzen die. I’M Bizi 2025 topaketa-gune gisa planteatzen da: gazteek euren potentziala aurkitu, interesak aztertu eta inguruko prestakuntza- nahiz lan-eskaintzekin konektatzeko aukera izango dute. Esperientzia praktikoen eta jarduera parte-hartzaileen bidez, helburua da ikasleak beraien heziketa-ibilbideari buruzko erabakiak modu egokienean hartzeko prestatzea.
Bestalde, Durangaldeko enpresa eta erakundeetako ordezkariek euren esperientziak, lan-merkatuko erronka nagusiak eta gaur egun gehien baloratzen diren gaitasunak azaldu dizkiete ikasleei, hezkuntzaren eta tokiko enpleguaren arteko lotura sendotuz.









