“Gogoan dut Kurutziagaren inaugurazioan ikastolaren horman logoa marraztu nuela”

Kurutziaga ikastolaren logoa ikastetxearen ikur esanguratsua da. Logoa gaurkotzerakoan orain arteko irudiaren egilea zein zen argitu ezinik ibili ginen. Baina, Arte eta Historia Museoan Ignacio Andreuren erakusketa ikusterakoan zalantza guztiak argitu ziren. Ignacio Andreu Uriarte (Durango, 1944) izan zen ikastolaren sorrerako irudia diseinatu zuena. 60ko hamarkadan, euskal kulturaren berpizkunde sasoian, ekarpen handia egin zuen artista durangarrak. Herriko beste hainbat kultur mugimenduren kartel eta irudiak ere sortu zituen. Sei hamarkadatan egindako lana Durangoko Museoan dago ikusgai.

Gogoratzen duzu zelan heldu zitzaizun Kurutziagako irudia lantzeko enkargua?
Leopoldo Zugazagaz lan handia egin nuen, kulturgintzan murdilduta zegoelako. Marrazkigile legez, askotan etortzen zitzaidan lanak eskaintzera. Gogoan dut Zugazak esan zidala ikastolaren inaugurazioa Kurutziagan izango zela eta irudi bat behar zutela. Gaur bertan gertatu izan balitz legez gogoratzen dut. Egunean bertan lokal hartako horman logoa marraztu nuen.

Egileari berari galdetuko diogu logoak zer esan gura duen.
Grafismo euskalduna da, jatorriz agian zelta izan daitekeen arren. Egurrezko eta harrizko tailetan agertzen diren esteletan eta horrelakoetan antzeko sinboloak ageri dira. Kurutziagako letrak ere, euskal letrak ziren, baina modernizatuta.

Zure diseinua oso ondo zahartu da. Logoaren gaurkortzea gustatu zaizu?
Bai, asko poztu nau, ideia bera mantentzen duelako. Hala ere, nirea gehiago gustatzen zait, baina ez da kritikatzearren (barrez). Logoak modernizatu egin behar dira, beti ere aurrekoan pentsatuta.