Datorren maiatzaren 15ean sexu-hezkuntzari buruzko ikastaroa emango du Ibai Fresnedok (Hiruki Larroxa) Kurutziagan, 17:30ean. Ikastolan sexu-hezkuntza modu inklusiboan eta integralean lantzeko tresna didaktiko eraginkorrak landu ditugu. Orain, tresna horiek familiekin partekatu eta etxeetan gaia nola landu dezakegun azaltzeko aukera izango dugu. Guraso guztiei zuzendutako berbaldia izango da. Gogoan izan ikastaroan parte hartzeko galdetegian izena eman behar dela maiatzaren 12a baino lehenago.
Kurutziaga ikastolan sexu-hezkuntza irakasleekin lantzeko saioak egin dituzu. Zer da landu duzuena eta zelako esperientzia izan da?
Kurutziagako irakasleekin egin dugun lanketa formazio saio hutsak egitea baino gehiago izan da. Hau da, begirada kolektibo bat partekatzeko aukera izan da, non sexualitatea ikaskuntza prozesuaren erdigunean kokatu dugun, ikuspegi integralago batetik abiatuta. Lehenengo saioan, klaustro osoarekin, sexu-hezkuntzari buruzko erronka ohikoenen atzean dauden beldurrak eta inertziak azaleratu genituen: noiz landu, zer eduki aukeratu, nola landu… Horrek aukera eman zigun ohiko ikuspegi moralista eta alarmistei aurre egiteko, eta hausnarketa sakon bat abiarazteko: zer hezkuntza sexual mota ari gara transmititzen?
Ondorengo saioetan, Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakasleekin etapaka lan eginez, garapen sexualaren ezagutza, ikuspegi pedagogiko egokiak eta curriculumaren txertaketa konkretuak landu genituen. Gainera, nahiko saio praktikoak izanda, galdera edo egoera errealak landu eta programazio didaktikoen diseinua zein horien lehen txertaketen inpresioak partekatu genituen, arrakastak eta erronkak identifikatuz. Esperientzia oso aberasgarria izan da. Irakasleek parte-hartze aktiboa izan dute, eta askok nabarmendu dute halako formazioak ezinbestekoak direla hezkuntza komunitatean konfiantza sortzeko eta sexu-hezkuntza modu koherente eta ausartean lantzeko. Ikusten da gogoa badagoela, eta orain erronka da ikastolan sexu-hezkuntza egituraz eta jarraikortasunez txertatzea.
Orain, familiei zuzendutako ikastaroa izango da. Zein tresna landuko ditugu edo zertan datza?
Hitzaldi honetan, sexu-hezkuntzak familietan sortzen dituen korapiloak, erronkak eta aukerak izango ditugu ardatz. Gurasoen egunerokoan agertzen diren egoera konplexuei heltzeko gakoak eskainiko ditugu: haur eta gazteek egiten dituzten galderak zelan hartu, zelan erantzun lotsarik edo epairik gabe, edo zelan eraiki konfiantzazko harremanak gorputza, identitatea eta plazera erdigunean jarriz. Ez dugu sexuaren gaiaz modu murriztailean hitz egingo; hau da, zaintzaren, desioaren, harreman afektiboen eta gorputzarekiko konexio osasuntsuen inguruan hausnartuko dugu.
Hitzaldiaren helburua da familiek norberaren errealitatetik abiatuta hausnartu ahal izatea: nondik hitz egiten duten, zer emozio pizten dizkien gai hauek, eta zelan lagundu nahi duten euren haur eta gaztetxoen hazkunde sexualean. Horretarako, eguneroko adibide errealak, ikuspegi praktikoa eta parte-hartzea sustatuko ditugu. Familiek erreferente seguruak izan eta entzuteko prest egon daitezke sexologoak izan gabe, eta hori da eskainiko dugun gako nagusia: hausnarketarako eta elkarrizketarako espazio seguru bat.
Familiok sarritan sexu-hezkuntza nerabezaroarekin lotzen dugu, baina noiz da momentua gaia gure seme-alabekin lantzeko?
Oso ohikoa da sexu-hezkuntza nerabezaroari lotzea, baina egia esan, bizitzaren lehen etapetatik bertatik hasten den prozesua da hori. Sexualitatea ez da 14 urterekin “pizten” den zerbait, baizik eta jaiotzetik bertatik garatzen hasten garen dimentsio bat da; gorputzarekin daukagun harremanean, afektuak jasotzeko eta emateko moduan, emozioen izendapenean edo jolasen bidezko autoezagutzan.
Haur txikiek galderak egiten dituztenean (“Zergatik dauka zakila?”, “Nondik ateratzen dira haurrak?” edo “Zer da muxu berezi bat?”) ez dute jakin-min sexual “goiztiarra” adierazten, baizik eta mundua ulertu nahi dute haien neurrira. Beraz, une egokia ez da data jakin bat, baizik eta galderak egiten dituztenean, zalantzak adierazten dituztenean edo gu entzuteko prest daudenean. Eta hori, normalean, haurtzaroan hasten da.
Horregatik, sexu-hezkuntza ez da mezu zehatzen zerrenda bat helaraztea, baizik eta denok bizi dugun sexualitatearen garapen osasuntsurako bidelaguntza egitea. Lasaitasunez, egiatik eta adinaren arabera egokituta. Baina batez ere, egiten ez dugunari ere forma emanez. Isiltasunek, gaia saihesteak edo tentsioak ere mezu argia bidaltzen baitute. Horregatik, hobe da guk sexu-hezkuntza gidatzea, sare sozialek edo pornografia komertzialak baino lehenago.
Familiok zein zailtasun eta beldur izaten ditugu gai honi heltzeko?
Sexualitatea lantzean, familiok beldur eta zalantza ugari izan ditzakegu, eta hori guztiz normala da. Askotan ez dugu erreferenterik izan, edo izan ditugunak isilpean, lotsaren bidez edo moral zorrotz batek baldintzatuta izan dira. Ondorioz, askori ez zaigu erosoa iruditzen gai hauei heltzea, ez dakigulako zelan hitz egin, zer esan edo zer momentutan egin.
Bestalde, askotan beldurra sortzen digu zer esango duten ingurukoek, haur eta gazteen erreakzioak berak, edo informazio “gehiegi” ematearen sentsazioak. Eta batzuetan, guk geuk bizitako sexu-hezkuntzaren esperientzia (edo esperientziarik eza) oztopo bihurtzen da. Hau da, gure haurtzaroko isiluneak, gure lotsak edo gure ezinegonak berriz agertzen dira. Eta, gainera, familien artean bada kezkarako joera bat ere: “Ez ote dut bere jakin-mina gehiegi piztuko?”, “Ez al da goiztiarra izango?”, “Eta esaten dudana ez badator bat ikastolan ikasten ari denarekin?”…
Hitzaldi honetan, hain zuzen, beldur horiek izendatzeko eta ulertzeko tartea eskainiko dugu. Izan ere, beldurrei buruz hitz egitea da beldurrak kudeatzeko lehen pausoa. Sexualitatea ez delako konpondu beharreko arazo bat, bizitzaren parte bat baizik. Eta, hezitzaile modura, ezin gara perfektuak izan; baina prest egotea, entzuten jakitea eta gure buruarekin koherente izatea da haur eta gazteentzat lagungarriena izango dena.
Laburbilduz, hitzaldi hau arnasa hartu eta elkarri begiratzeko aukera bat izango da. Ez baitugu inor epaituko, ezta errezeta perfektuak eskainiko ere; kontrakoa! Elkarrekin ikasteko, zalantzak izendatzeko eta sexualitatea bizitzaren parte gisa ulertzeko espazioa zabaldu nahi dugu.