Euskararen egunean, ikastolan zer?

Azkenengo egunetan, asko entzun dugu euskarak bizi duen larrialdi linguistikoaz mintzaten han eta hemen. Euskararen erabilerarekiko kezka aspalditik bizi dugu Kurutziaga Ikastolan, eta argi daukagu, oraingo hau ere, badela momentua gure hizkuntzaren aldeko urratsak ematen jarraitzeko.

HizPro taldeak aurtengo euskararen eguna, gurean, beste barik ezin dela pasatu pentsatzen du, horregatik luzatu dio Kurutziaga Ikastola osatzen dugun komunitate osoari proposamen berezia: Berbaz, euskara plazara!

Zertan datza proposamena?

Ekimenaren izenak dioen bezala, euskara plazara atera nahi dugu ia etenik izango ez duen egitaraua osatuz ikastolako komunitateko kide guztien artean. Goizeko 9:00etan hasi eta arratsaldeko 14:30era arte, egun horretarako prestatuko dugun oholtzatik ahozkotasuna oinarri izango duten hainbat emanaldiz gozatzeko aukera izango dugu: ipuin-kontaketak, abestiak, errezitaldiak, bertsoak, asmakizunak, txisteak, antzezpenak, pasadizo-kontaketa, magia ikuskizuna… Euskara plazara ekarriko duen edozer ondo etorria izango da.

Oholtza horretatik, ikasleak, irakasleak, ikastolako langileak eta langile ohiak, familiak… Kurutziaga Ikastola osatzen dugun kideak igarotzea nahi dugu, gutako bakoitzak opari ederra egin diezaion komunitateari, euskarari.

Beraz, hemen duzue gonbitea! Has zaitezte pentsatzen egun horretan ikastolara ekarriko duzuen ekarpentxo horretan, guztiontzako tartea egiten saiatuko gara.

Euskararen alde elkarrekin lan eginez lortuko dugu gure hizkuntzari arnasa ematea. Atera dezagun euskara Kurutziagako eta Durangoko plazara! Atera dezagun euskara Euskal Herriko plazetara!

OHARRA: Abenduaren 3ko egitarauan parte hartu nahi duzuenok jar zaitezte harremanetan HizPro taldearekin ondoko helbidera idatzita: hizpro@kurutziagaikastola.net