“Pantailen erabilera osasuntsua behar dugu”

Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako guraso talde batek hasi zuen bidea, 2019an, seme-alaben eta pantailen erabileragaz kezkatuta. Orain hile batzuk, Gipuzkoako hainbat herritako gurasoek Altxa Burua sarea sortu zuten, seme-alabei Interneterako sarbidea duten gailuak ematea atzeratzeko helburuz eta helduak zein nerabeak tresna digitalen erabilera egokian trebatzeko asmoz. Eta, oraintsu, mugimenduak beste pauso bat eman du Gipuzkoako mugak atzean utzi eta kontzientzia gainerako herrialdeetara zabalduta. Adibidez, Durangon, gure Ikastolan, eta Elorrion ere osatu dituzte Altxa Buruaren aterkipeko taldeak, eta beste hainbat udalerritan ere sortzen hasi dira; Abadiñon, Elorrion, Atxondon, Zaldibarren, Otxandion, Iurretan, Garain eta Berrizen.

Altxa Burua teknologia berrien erabilera egokia sustatzea helburu duen sarearen inguruan luze eta zabal hitz egin dute www.anboto.org-en Naia Olea Durangoko Altxa Burua plataformako kideak, eta Andrea Aginagalde, Elorriokoak. 

Altxa Buruak sinadura bilketa bat hasi du Eusko Jaurlaritzari sakelakoen erabilera ikastetxeetan debekatzea eskatzeko. Zer da mugimenduak eskatzen duena?
Naia Olea: Araudi bat eskatzen dugu, marko legal bat, eskolak mugikorrik bako arnasgune izan daitezen. Izan ere, sakelakoek arazo ugari sortzen dute ikastetxeetan. Gatazka iturri izaten dira, irakasleek polizia lana egin behar izaten dute, ikasleen artean hartu-emanak ahultzen dira, ziberjazarpena dago, arretarako gaitasuna murrizten da, lo arazoak ekartzen ditu… eta araudi batek horri guzti horri aurre egiten lagunduko liguke. Sinadurekin batera, Hezkuntza Sailera gutunak bidaltzen gabiltza. Denok babestuko gaituen marko legal bat eskatzen dugu, ulergarria eta ziurra dena. Edozelan ere, argi utzi gura dugu honako hau ez dela teknologiaren kontrako jarrera bat. Teknologiaren erabilera osasuntsu eta seguru baten aldeko jarrera da gurea. Ez dugu inor epaitzen. Hau guzti hau denoi eragiten digun kontua dela uste dugu.
Andrea Aginagalde: Eusko Jaurlaritzak ikastetxeen eskura utzi zuen mugikorren erabilera debekatzeko aukera. Eta hor ikastetxe bakoitzak bere irizpidea izan dezake, batean bai, bestean ez. Horregaitik, goitik etorritako araudi orokor bat lagungarria izan daiteke guztiok, ikastetxe eta herri guztiok, irizpide zehatzak izan ditzagun. 

Elkarrizketa osoa irakutzeko, sartu hemen.

 

Bestalde, argia.eus webgunean ere gai honi buruzko albiste interesgarria idatzi dute.