Nerabeen %60k ez du teknologia berriak erabiltzeko araurik etxean (Gaur8)

10-15 urte bitarteko haur eta nerabeen artean, hamarretik zazpik telefono mugikorra dute. Errealitatea geldiezina da eta adituak gero eta ozenago ari dira ohartarazten adin txikikoak gailu horien erabileran trebatzeko beharraz. Etxean arauak jartzea ezinbesteko gisa jotzen dute, modu autonomoan ez baitira arautuko.

Espainiako Estatistikako Institutu Nazionalaren (INE) azken datuen arabera, Estatuan hamar eta hamabost urte bitarteko hamar haur eta nerabetik zazpik dute telefono mugikorra. Errealitate hori geldiezina da eta adituak gero eta ozenago ari dira nabarmentzen beharrezkoa dela adin txikikoek gailu digital horien eta beste batzuen erabilera egokia barneratzea.

Hori lortzeko, gurasoak eta anai-arreba nagusiak funtsezko piezak dira bi norabidetan: kontsumo-eredu gisa eta familia-eremuan mugak eta jarraibideak ezartzeko. Hala ohartarazten du Universitat Oberta de Catalunyak (UOC) eta Gironako Unibertsitateak elkarlanean egin duten ikerketa batek. Lan horrek emaitza harrigarria erakusten du: nerabeen % 60k ez du araurik etxean IKT gailuak erabiltzeko, izan mugikorrak, telebistak, ordenagailuak, tabletak edo bideojokoetarako gailuak.

Aipatu ikerketa hori “Journal of Family Issues” aldizkari zientifikoan argitaratu berri da. Ikertzaileen ustez, muga eta arauen gabezia hori konpondu egin beharko litzateke: «Inolako araurik jartzen ez badugu, haurrek eta nerabeek ez dute haien burua modu autonomoan arautuko, oraindik ez baitira behar bezain helduak. Baina arauak ezartzen baditugu, berehalako erantzuna izan daiteke arauak haustea, hori nerabezaroaren ezaugarria baita».

IRAKURRI ALBISTE OSOA