LH 1eko ikasleek beraien ibilbide akademikoan etapa berria hasi dute ikasturte honetan. Hainbat izango dira aurkituko dituzten aldaketak, aldaketa horien artean, tutoretzako saioetan egingo duten KiVa-programaren lanketa izango da.
Gaur, urriaren 20an, KiVa-eguna ospatu dugu eta honekin batera eman diogu geletan eskola-jazarpenaren prebentzioa helburu duen programaren lanketari. Ziurrenik, ikasturte hasierako bileretako entzungo zenuten KiVa-programari buruzko azalpena. Mezu honekin batera doakizue azalpen zehatzagoa jasotzen duen bideoa eta testua.
Lagungarria izango zaizuelakoan, jaso ezazue agur bero bat KiVa-taldearen partez.
Kurutziaga ikastola KiVa-ikastola da, baina… zer da KiVa?
KiVa Bullyingaren aurkako programa da, ikerketan eta froga ziurretan oinarritutakoa. Finlandiako Turkuko Unibertsitatean garatutakoa da.
KiVaren helburua bullyingari aurrea hartzea eta gerta daitezkeen kasuei eraginkortasunez aurre egitea da. Hamarkadetan zehar bullyingaren eta bere oinarrien inguruan egindako ikerketa zabalean oinarrituta dago programa. Hiru ardatz nagusi ditu : aurrea hartzea, esku hartzea eta jarraipena egitea.
KiVa ez da proiektu iragankor bat, jazarpena prebenitu eta murrizteko jardunbide iraunkor bat baizik.
Baina, zer da bullyinga edo jazarpena?
Portaera mingarria/tratu umiliagarria,
- Nahita egiten dena
- Behin eta berriz egiten dena
- Erlatiboki babesgabea den edo botere txikiagoa duen pertsona baten aurka egiten dena
Eta, zer ez da bullyinga edo jazarpena?
- Liskar bat ez da jazarpena
- Eztabaida bat ez da jazarpena
- Borroka bat ez da jazarpena
Jazarpena harreman zapaltzaile baten adierazpena da; botere- eta indar-abusua.
Batez beste, eskola-adinean dauden haurren %10ek sistematikoki jasotzen du jazarpena.
Jazarpena ez da soilik jazarle eta biktimen kontua. Jazarpenezko gertakari gehienetan, ikaskide talde bat izaten da tartean.
Haur gehienek ez dute jazarpena ontzat hartzen; hala ere, askok jazarlearen portaera bultzatzen dute, barre eginez edo isilik egonda.
Garrantzitsua da ikasleek ulertzea beraien jokabideek eragina izan dezaketela!
“Elkarrekin jazarpena geldiaraz dezagun!” (Haurrek ahotsak)
Hori da KiVa programaren oinarrian dagoen ideia nagusia.
Prebentzio-ekintzak ikasle guztiekin lantzen diren 10 ikasgaietan bilduta daude. Besteak beste honako hauek hartzen dituzte: errespetuzko tratua, pertsonen arteko desberdintasunen onarpena, emozioak identifikatzea eta erregulatzea, talde-presioari eustea, jazarpena identifikatzea eta jazarpenaren aurrean modu konstruktiboan jokatzea…
KiVa arauak ikasturte osoan zehar taxutzen goaz. Ikasturtearen amaieran, arau guztiak bildu eta KiVa kontratua osatzen dugu guztion artean sinatzeko.
Ikastolan hainbat langilek osatzen duten KiVa taldea daukagu; irakasle talde osoarekin batera KiVa programaren gauzapenaz eta honen jarraipenaz arduratzen dena.
Kurutziaga ikastolan programa hau ezarri genuenetik, ikasleek lasaitasunez hitz egiten dute gelan jazarpenari buruz, ezagutza eta kontzientzia handiagoa dute. Taldeak duen garrantziaz jabetuta, elkartasun eta laguntasun jarrerak gero eta ohikoagoak dira. Irakasleok ere ezagutza handiagoa daukagu gai honen inguruan, eta ikastolako esparru guztien arteko koordinazioan eta lankidetzan oinarritzen da gure eguneroko lana.
Etxekoen eta ikastolaren arteko lankidetza garrantzitsua da bullyinga ekiditeko.
Jazarpen-egoera guztiak serio hartzea eta ikastolarekin lankidetzan jardutea izango da familiek jazarpena murrizteko egin dezaketen ekarpenik onena.
Animatu ditzagun haurrak jazarpenean ez parte hartzera, biktimak babestera, eta jazarpenik ikusten badute helduei esatera!
KiVak dioen bezala, egin dezagun elkarrekin!
Informazio gehiago: https://data.kivaprogram.net/basque/gurasoak/gurasoen-gida