Iritzia: “Ondo merezitako oporrak”

Gotzone Duñabeitia (Kurutziagako Zuzendari Pedagogikoa)

 

San Juan, San Juan
arraultza bi kolkoan
beste bi altzoan.
Zantarrak eta lapurrak erre! Erre!
artuok eta gariak gorde! Gorde!
Gora Kurutziaga!

Bukatu da ikasturtea, gauza txarrak surtara bota eta amaiera polita eman diogu ikasturteari guztion artean.Tentsio eta beldur handiz hasi genuen ibilbidea baina guztion artean indarrak batuz eta lan handia eginez lortu dugu helmugara garaile heltzea. Urtaro aldaketak jai giroan ematen direnez, ikasturte amaiera hau ere hala izan dadila.

Ez da bide erraza izan. Gora-beherak, urduritasunak, zalantzak… Eguneroko jarduna egoera berezi honetara egokitzen aritu gara aldiro aldiro. Elkarrekin hartu diogu aurre eta baita patxadaz erantzun ere. Hasierako oztopoak gainditu ditugu eta orain, beste ipar bati begira jarri gara. Atzean utzitakoak berreskuratu eta, baikortasunez, etorkizunari beste aurpegi batekin begiratzen diogu orain..

Ikasturte amaiera guztiak dira bereziak, emozioz beteak eta alaiak aldi berean. Ikasle, familia eta langile berriei ongi etorria, beste batzuei agurra, aspaldian ikastolako ibilbidean ezagutakoak eta joandakoak gogoratzeko sasoia.… Baina, batez ere, eskertzarako momentua da iksturte amaiera.

Eskertu ondo egindakoak, eta baita guztiz bete ez direnak ere. Eskertu ahalegina eta borondatea, ardura eta ahalegina. Eta, batez ere, elkarrekin aurrera egiteko erakutsi dugun gaitasuna eta jarrera.

Aupa Kurutziaga! Merezitako oporrei ondo-ondo heldu eta une bakoitza lagun artean zein familian disfrutatu. Horiek aurtengo etxeko lanak guztiontzako!