Joseba Balerdi medikua da. Kurutziagako guraso, bertoko presidentea ere izan zen 2014-18 epealdian. Gaur egun Ondarroan dihardu familia mediku lanean eta ikastolako COVID-19taldean dihardu aholkulari legez.
Kurutziagako COVID-19 Taldean zaude. Azalduko dizkiguzu talde horren zereginak zein diren?
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak protokolo bat zehaztu du eta, protokolo guztiek bezala, ezin ditu kasuistika guztiak aurreikusi. Artezkaritzak erabaki zuen talde bat sortzea kasuistika hori maneiatzeko. Azken finean, protokolo orokor batean agertu ez eta ikastolaren egunerokoan sortzen diren galderei erantzutea da gure zeregina.
Zer muga dituen talde horrek? Bada, asko, ze, birusari buruz, benetan, dakigun bakarra da bere estruktura genetikoa, eta hortik aurrera, gutxi. Horrek zertara garamatza? Zuhurtziaz jokatzera. Ez dakigunaren aurrean zuhurtziaren printzipioa aplikatu behar da, bestela hanka sartuko dugu. Beno, eta aplikatuta ere, ez daukagu sartuko ez dugun erabateko ziurtasunik.
“Neurri batzuk hartzea ezinbestekoa da. Horietako bat maskaren erabilera da”
Hezkuntzaren alorrean zeresana eman dute bai maskaren erabilerak, eta baita beste hainbat osasun-segurtasun neurrik ere.
Egoera konplikatua da eta hartzen ditugun neurriak hartzen ditugula ere, ez dira nahikoak izango. Talde-burbuilak, maskarak, eskuak garbitzea… Gure umeak barnetegi batean baleude funtzionatuko luke, baina badakigu ez dela horrela. Kontua ez da hiperdogmatiko jartzea, baina neurri batzuk hartzea ezinbestekoa da. Horietako bat maskaren erabilera da. Ez da inoren gustukoa, baina beharrezkoa da.
Beste istorio bat da…
Esaiguzu zein den beste istorio hori.
Bada, harritzen nauela, hain polemikazalea den herri honek nola onartu duen, hain ahobatez, erabateko presentzialtasunera itzultzea. Eragile guztiek babestu dutela esango nuke eta, nire iritziz, beharbada hobe litzateke eskolan ordu gutxiago egin eta bestelako jarraipen bat egitea etxean. Sanitarioki zuzenagoa litzateke. Umeentzat ere, seguruasko bai. Guraso askorentzat, ordea, oso konplikatua. Hor beste kontu batzuk sartzen dira.
Bestalde, uste dut martxotik ekainera bitarteko epe horretan egindakoari ez zaiola behar besteko balioa eman. Ikasleek ikaragarrizko ahalegina egin zuten. Baita familiek ere eta, zeresanik ez, irakasleek. Gehiago baliatu beharko genuke orduan ikasia.
A! Eta badaukat beste galdera bat.
Bota, bada!
Galdera bat baino, kezka bat da. Konfinamendu garaian hitz egin zen curruciculuma egokitzeari buruz baina orain ez dut ezer entzuten horren gainean. Beharbada neu naiz adi ez dagoena, baina benetan harritzen nau. Hau da, egoera anormal batean gaude eta ezin dugu jokatu, presentzialki arituta ere, egoera normala balitz bezala. Helburu curricularrak egoera anormal horretara egokitu beharko liratekeela iruditzen zait.
“Helburu curricularrak egoera anormal honetara egokitu beharko liratekeela iruditzen zait.”
Zure lanbideari zuzenago lotuta, familia mediku lanean diharduzunez, zelan aldatu da panorama osasun zentroetan martxotik hona?
Seguruasko panorama antzerakoa da baina orduan informazio gutxiago geneukan. Hasieran bitartekorik gabe geunden. Esan beharra dago gure agintariek erabaki zutela OMEren (Osasunaren Munduko Erakundea) irizpideak ez jarraitzea, baliabide faltagatik, ziurrenik. Beraz, guk, kasu larrienak ospitalera bidaltzen genituen. Demagun diagnostikatzen genituen ehunetik hogei hil egiten zirela. Jakina, horrek oso argazki gordina uzten zigun. Kontua da orduan ez zirela testak egiten eta ez genekiela ehun horien atzean beste mila positibo ere bazeudela. Orain bai.
Hasieran esaten zen arnasbideetako gaixotasuna zela. Orain geroz eta argiago ikusten da ez dela hori bakarrik. Arnasbideetakoa bai, baina zirkulazioari eragiten dio, nerbio sistemari… hamar urte barru harrituko gara ikusita zer gutxi genekien birus honi buruz.
“Biologo bati irakurri nion gizakiok beti pentsatzen dugula eboluzioaren gorenean geu gaudela. Bada, ez. Gizakiaren gainetik birusak daude”
Posible da mezu positiboren bat ateratzea?
Bai. Esango nuke komunitate sentimendua indartu egin dela. Jokabide insolidarioetan jartzen da fokua, baina uste dut kontzienteago garela ez dela norberaren burua bakarrik, elkar babesten dugunean geure burua ere babesten dugula. Zerbitzu publikoen ezinbestekotasuna ere oso agerian geratu da. Gure mentalitateetan hazia erein da, besterik da landare hori noiz eta zenbat haziko den.
Eta beste bat, ez dakit hain positiboa den, baina garrantzitsua bai: birus honek hankak lurrean jarri dizkigula. Biologo bati irakurri nion gizakiok beti pentsatzen dugula eboluzioaren gorenean geu gaudela. Bada, ez. Gizakiaren gainetik birusak daude. Ez dezagula ahaztu.