Igotz Aranbarri Osoro ikastolako gurasoa Familia Medikua da Arrasateko anbulategian eta Zornotzako Zelaieta Osasun Zentruan. Familia Medikua izateaz gainera aditua da diabetes gaitzean. Covid19a dela-eta etxean bi hilabete daramatzagun honetan, berarengana jo dugu bere esperientzia konta diezagun eta kontuan hartu beharreko zenbait jarraibide gogorarazi diezazkigun.
Zeure jardun profesionaletik hasiko gara. Zelan bizi izan dituzu azkeneko bi hilabeteok?
Bi hilabete hauek deskribatzeko hitz bat erabiliko dut: kaosa. Ezjakintasunak, urduritasunak, beldurrak eta etengabeko neurri eta informazio aldaketek ere, ez dute lagundu egonkortasunik lortzen.
Profesionala baino lehen pertsona naiz, eta badirudi osasun arloan aritzeak Superwoman izatea suposatzen digula, baina ez da egia. Fisikoki sortutako nekea gogorra bada ere, emozionalki jasan beharreko zama gehitu behar zaio horri, eta binomio horren gehiketa oso astuna da.
“Beste edozeren gainetik pertsonak gara, eta apalki diot: ez gaituzte behar bezala babestu”
Familia Medikua zara baina izango dituzu osasungintzako beste alor batzuetan diharduten lagunak ere. Zer jaso duzu beraiengandik?
Erkidegoan egoera oso gogorra izan da. Ez duzu bertako langilerik aurkituko kontrakoa esango dizunik. Lehen Arretako langileok egoera oso latza bizi izan dugu, eta ospitaleetan ez hobea.
Lurjota askotan, eguna egunaren gainean zetorrela. Hori da, laburbilduz, guztion sentimendu orokorra.
Ez dut aipatu gabe utzi nahi kutsatu diren pertsona guztien %40 osasun arloko langileak direla, eta mediku asko hil egin direla. Hausnarketa oso sakon baterako ematen du gertatutakoak. Guzti honen ondorioz, emozio eta psikiatria arloko gaitz asko sortuko dira, batez ere osasun arloko langileengan. Beste edozeren gainetik pertsonak gara, eta apalki diot: ez gaituzte behar bezala babestu.
” Ura eta xaboia dira, musukoarekin batera, birusaren hedapena ekiditeko neurririk zorrotzenak”
Behin eta berriz esaten zaigu ez diogula errespetua galdu behar Covid19 gaitzari. Zeintzuk dira derrigor mantendu beharreko neurriak?
Covid19ak pertsonak hiltzen ditu. Beste asko, gainditu ondoren, osasun arazo kroniko eta larriekin gelditzen dira. Eta heriotza aipatzen dudanean, ez da beldurra sortzeko, errealitatea zein den esaten ari naiz. Horregatik zentzua erabili eta tentuz jokatzeko deia egin nahi dut.
Derrigor mantendu beharrekoak: gutxieneko bi metroko distantzia; musukoa erabiltzea eta eskuak ura eta xaboiarekin gutxienez 30 segunduz ondo garbitzea. Ez naiz eskularruak erabiltzearen oso aldekoa ziurtasun faltsuaren sentsazioa sor dezaketelako. Erosketak egin edo zerbait hartu emateko bai baina bestela ez. Ura eta xaboia dira, musukoarekin batera, birusaren hedapena ekiditeko neurririk zorrotzenak aurrez aipatutakoez gain.
Gertukoei eta pazienteei beti esaten diet, eta ez Covid19agatik bakarrik: eztula eta doministikua beso barrura egin behar ditugu beti. Mukiak kentzeko paperezko zapiak erabili,eta erabilera bakarra eman ostean, behar den tokira bota.
Eta gaixo bagaude, edo sukarra badugu, izan gaitezen arduratsuak eta jokatu dezagun zentzuz eta erantzukizunez. Hau ez da jolasa. Eta ez ahaztu helduok gure txikien eredu garela eta gugandik ikasten dutela. Guk buru gutxirekin jokatzen badugu, beraiek berdin.
“Osasun sistema publikoa denona eta denontzako dela barneratu behar dugu, eta erabilera egokia egin”
Jendarteak eguneroko aitortza egin dizue osasungintzako langileei. Zelan bizi izan duzu hori?
Esker onekoa izaten irakatsi didate eta ekimen polita dela uste dut. Baina aitortza horrek ez badu jarraipenik gutariko bakoitzaren portaera eta jarrerarekin, ez du ezertarako balio. Osasun sistema publikoa denona eta denontzako dela barneratu behar dugu, eta erabilera egokia egin. Benetako beharra dagoenean erabili behar da, egoera latzak ematen direnean erantzuna egokiagoa izan dadin.
Medikua izateaz gainera ama ere bazara. Zelan daroazu lana eta etxeko-lan gehigarriak uztartu beharra?
Egoera onartu eta ulertuta, “irakasle” lana ere ondo hartu dut, formakuntzarik gabekoa izan arren (Kar! Kar!). Gehien kezkatzen nauena etorkizuna da. Egoera hau luzatzen bada, edo berriz emango balitz, baliabide oso gutxi eta eskasak direla kontutan izanik, gure haurrekin zer gertatuko den pentsatzen dut askotan. Edozelan ere, egunerokotasuna pozik eta itxaropentsu eramaten ahalegintzen naiz.
Gure kasuan, gure alabaren mailako irakasleak lan itzela egiten ari dira, halako egoera batean zelan jardun asmatu egin behar izan dutela kontuan izanda. Baina ardura duenak, Hezkuntza Sailak, zerbait pentsatu beharko du eta konponbide eraginkorrak eman irakasleei, ikastetxei eta guraso eta haurrei.
Zer iritzi duzu maila batzuetako ikasleak hilabeterako eskolara itzuli behar izateaz?
Ez naiz politikaria baina herritar bezela gauza eta neurri asko ulertzea zaila egiten zait. Zergatik ikasle batzuk bai eta besteak ez? Zein baldintzatan? Zer helbururekin?… Egiten dena eginda ere, garrantzitsuena prebentzioa da. Horretarako, neurri zorrotzekin jarraitu behar dugu. Eta hezkuntza eremuan ere baliabideak behar dira guzti hau bermatzeko.
Bestalde, inork ez du argitu nola bideratuko ditugun gure betebehar profesionala eta familiarra, gure seme-alabak etxean izan behar ditugula kontuan izanda. Osasun arazo larri hau tarteko ia dena uler daiteke, baina erantzunak behar ditugu.