Datorren urtarrilaren 27a (astelehena) 2020-21 ikasturterako matrikula epealdia zabalduko da, otsailaren 7a arte. Kurutziaga Ikastolan urtarrilaren 25ean egingo dira Ateak Zabalik jardunaldiak eta aitzakia hori hartuta Gotzone Duñabeitia (Zuzendari pedagogikoa) eta Urko Rodriguezekin (Zuzendari gerentea) hitz egin dugu ikastolaren hezkuntza proiektuaz eta izaeraz.
Urtarrilaren 25ean Ateak Zabalik jardunaldiak izango dira (goizeko 10:00etan) . Zein da jardunaldion helburu zehatza?
Urko: Helburua da familiei gure hezkuntza proiektua ezagutaraztea eta ikastola bera erakustea. Ez baita gauza bere diptiko bat jasotzea etxean edo bertatik bertara ezagutzea hezkuntza espazioak eta bertan lanean dihardugun jendea. Bide batez, aukera dago matrikulazioa egiteko bai haur hezkuntzan, eta baita beste maila eta etapetan ere.
Zelan laburbilduko zenukete Kurutziaga Ikastolaren hezkuntza proiektuaren funtsa?
Gotzone: Gure hezkuntza proiektuaren ardatza ikaslea bera da. Euskara eta euskal kultura oinarri legez hartuta ikasle eleanitzak (ingelesa ta frantsesa) eta konpetentzietan trebatuak sortzea da gure egitekoa. “Bizitzeko hezi” dio gure leloak eta bizitza ahalik eta beteena bizitzeko hezten ditugu gure ikasleak.
U.: Bizitzeko hezten ditugula diogunean ezagutza batzuk eta balore batzuk transmititzeaz ere ari gara. Genero berdintasunean heztea; elkarrekiko errespetuan eta gatazkak kudeatzeko gaitasunarekin; ikasleen aniztasuna kontuan hartuz eta, inguru urbano batean egon arren, gure jolas eremu berriak eskaintzen digun esparru natural hori gure hezkuntza jardunean eta aisian txertatuz.
Jantokia da Kurutziaga Ikastolaren beste indarguneetako bat, Ikastolak beti izan baitu jantoki propioa
U.: Bai. Ikastolako jantokian prestatzen da bazkalorduetan eskainiko den guztia. Badira urte batzuk guraso talde baten bultzadaz, eta Ausolanekin elkarlanean, bertokoaren eta sasoikoaren alde egin genuela, baita lehengai ekologikoen alde are. Gure jantokiko eskaintzaren %55a bertoko lehengaiekin edo lehengai ekologikoekin egina dago.
Kurutziaga Ikastola kooperatiba da izaeraz.
U.: Halaxe da. Kurutziaga ikastola guraso kooperatiba bat da, hau da, ikastolako familiak dira ikastolaren jabe. Antolatzeko era horrek partaidetza, barne demokrazia, gardentasuna eta kudeaketa autonomoa ditu oinarrizko ideia moduan.