Izaskun Ellakuriaga Bustinza (1972 Iurreta). Kazetaria da formakuntzaz Izaskun. Durangaldeko Eraz astekarian (Anbotoren aurrekaria) jardun zuen hainbat urtez, eta gaur egun Bizkaia Irratian esatari eta Gerediaga Elkarteko komunikazio lanetan dihardu. Azokako ateak zabaldu bezperan egon gara Kurutziaga ikastolako ikasle ohia ere baden Izaskunekin.
Durangoko Azoka neurri handiko gertakaria da Euskal Herrian. Gaur ireki ditu ateak 54. edizioak baina noiz hasten zarete Azoka prestatzen eta zenbat lagun aritzen zarete lan horretan?
Azoka bat amaitzegaz batera hurrengora begira lanean hasten gara. Balantzea egin eta eragile ezberdinen balorazio ekarpenak jaso eta aztertzen ditugu. Horrekin batera hasten gara azoka berriaren zutabeak zehazten: mezua eta abar. Udaberri amaieran erritmoa biziagoa izaten da uda ostean datorrelako lanik handiena: Azokan parte hartzeko izena emateak, egitarauan aurkezpenak egin ahal izateko inskripzioak, Azokara begirako komunikazio estrategia…
Zenbat lagunek diharduzue lan horretan?
Irailera bitartean lau lagun gara Gerediagan lanean, eta azokako lanarekin batera, Gerediaga Elkartearen beste proiektuak ere uztartzen ditugu. Gero, Gerediagakoaz aparte, komunikaziora begirako lantalde zehatza sortzen da, lau hilabeterako. Eta horrez gainera gune bakoitzaren kudeaketa daramaten elkarte, erakunde eta taldeak daude. Guzti hori, Gerediaga elkartetik koordinatzen dugu.
“Azokaren osagarri den egitaraua oso oparoa da: 200 ekitalditik gora dira lau egunetan!”
Garai batean Liburu eta Disko Azoka zen Durangokoa. Gaur egu 8 gune ditu: Areto Nagusia, Saguganbara, Ahotsenea, Irudienea, Szenatokia, Kabia, Plateruena, Azoka TB… Nondik etorri da aldaketa hori eta zein da helburua?
Aldaketa hori apurka-apurka eman da Azokak bisitariari eskaintzen diona liburuak eta diskoak baino gehiago delako. Beti egon izan dira azoka egunetan, salerosketaz aparteko ekitaldiak baina azken hamar bat urtetan azokaren osagarri den egitaraua oso oparoa da: 200 ekitalditik gora dira lau egunetan! Gainera, literatura eta musika ezeze, arte eszenikoek, ikus-entzunezkoak, kultura digitalak … ere euren lekua dute. Osotasun hori kontuan hartuko lukeen izena behar zen. Lehenengo etorri zen Durangoko Azoka eta gero, DA!
“Ikasleen eguna oso garrantzistua da Azokaren eta euskal kulturaren transmisiorako”
Gaur ikasleen eguna izango da Azokan eta Euskal Herri osotik etorriko dira Durangora eskola-umeak. Zenbateraino da garrantzitsua eta zergatik gazteek adin horretatik izatea harremana Azokarekin?
Azken urteetan pare bat azterketa egin ditugu Azokara datorren bisitariaren profila zein den jakiteko. Horiek erakutsi digute intuizioz pentsatzen genuena: askok azokarekiko lehen harremana ikastetxeko bisita horretan izaten dutela. Gero, esperientzia hori helduago egiten direnean etortzeko oroitzapena izaten da askorentzat. Ikastetxeen bisita ahalbidetzen duen goiz hori mantentzeko apustua oso garrantzitsutzat jo dugu beti Gerediagan, euskal kulturaren transmisiora begira ale inportantea dala uste dugulako.
Zer proposamen egiten diozu Azokara datorren bisitariari?
Bada, ariketatxo bat proposatuko nioke: egitaraua hartu eta, gunez-gune, aukeratu dezala ezagutzen ez duen izen bat, eta doala ekitaldi horretara. Aukera ona da sortzaile berriak deskubritzeko eta seguru ezusteko pozgarriak hartuko dituela.
Eta Durangaldeko jendeari berriz esango nioke itzelezko zortea dela lau egunetan Euskal Herriko sortzaile garrantzitsuenak, eta euren lanak berton izatea. Aprobetxatu!