Leire Bilbao Barruetabeña (Ondarroa 1978) idazlea Kurutziagako gurasoa da. Haur eta Gazte literatura eta helduentzako poesia landu ditu nagusiki. Maite Mutuberria ilustratzailearekin batera 2016an argitaratu zuen “Xomorropoemak eta beste piztia batzuk” liburuagatik 2017ko Haur eta gazte literaturako Euskadi Saria eman zioten. Liburu horren gaztelerazko itzulpenagatik, “Bichopoemas” Kirico Sariaren aitortza jaso berri du Espainiakoa liburu saltzaile independenteen elkartearen eskutik.
Lehenengo eta behin zorionak, Leire, Kirico sariagatik.
Eskerrik asko. Egia esan poza eman didan saria da “Bichopoemas” liburuari eman diotena ze, 2017ko Euskadi saria idazleari emandakoa zen eta kasu honetan Maite Mutuberria ilustratzailearen eta bion lana da saritu dutena. Maitek itzelezko lana egin du eta gainera hasiera hasieratik egon da proiektuan. Sariari dagokionez, gazteleraz argitaratutako 120 libururen artean aukeratu dute eta pozgarriak dira beti halako aitortzak.
Euskarazko edizioak jaso zuen bere saria eta orain gaztelerazkoak. Katalanez eta galegoz ere argitaratu da liburua. Eman dizkizue poz batzuk “Xomorropoemak eta beste piztia batzuk” liburuak, ezta?
Bai. Euskadi Saria jaso ostean Espainiako sarietara ere izendatuta egon zen. Orduan, denbora askorik barik egia esan, Miren Agur Meabe idazlearekin batera gaztelerara itzuli genuen liburua eta saria irabazteko zorian egon zen. Hortik sortu zen Kalandraka argitaletxearen interesa. Argitaletxea galiziarra da baina euskaraz (Pamielarekin batera), galegoz, katalanez eta gazteleraz ere publikatzen du.
Zelan itzultzen da erriman eta metrikan hain oinarritua dagoen liburu bat erabat bestelakoak diren hiru hizkuntza horietara?
Esan ohi dut itzulpena baino adaptazio lana dela. Galegozko edizioa Isaac Xubinek egin du. Isaac galiziarra da baina ederto batean darabil euskara (Sarrionandia edo Kirmen Uribe itzuli ditu, besteak beste). Katalanera Jaume Subiranak egokitu du. Berak ez daki euskaraz baina bion artean egin dugu, Skype bidez sarritan, euskal tradizioko erreferentziak zeuden kasuetan katalanekoak txertatuz eta halako egokitzapenak eginez. Azken batean testua bere horretan baino erritmoa, errima eta metrika mantentzeari garrantzia handiagoa eman diogu.
Pirritx, Porrotx eta Marimototsen azkeneko bi lanek ere zeure testuak daroatzate. Ez zara geldirik egotekoa!
Bada, begira, nik uste ate hori ere “Xomorropoemak” liburuak zabaldu zidala. Haren ostean etorri zitzaizkidan “Musua” lanerako testuak egingo nituen eskaintzera. Esperientza polita izan zen eta orain, “Dantza” lanerako ere idatzi dizkiet kantak.
Zoritxarrez Iruñeko udalaren debekuak bihurtu ditu berriro albiste Pirritx, Porrotx eta Marimotots. Zer deritzozu gertatu denari?
Labur esanda, zaharrak berri.
Zuri zeuri nondik datorkizu idazteko grina hori?
Aitortu behar dut umetatik izan naizela irakurzalea. Hondartzara liburuekin joaten zen umea nintzen ni. Gero bertsolaritzan ere aritu nintzen. Jon Lopategi etortzen zen ikastolara, eta gerora konturatu naiz harekin ikasiak zeinen baliagarri gertatu zaizkidan haurrentzako poesia idazterako orduan: errima, erritmoa, metrika… Lopategiri esker hitzari balioa ematen, hitza entrenatzen ikasi genuen, tradizioa hartu eta berritzen. Orain ohartzen naiz hori dela klasikoen indarra, tradizioa hartu eta zeure garaira ekartzea, garaiko elementuekin eta garaiko jendearentzat.
Leire Bilbaoren hiru gomendio.