Garbiñe Ereñaga jantokiko langilea: azkeneko lan eguna

Barikuan (otsailak 8) izango du azken laneguna Garbiñe Ereñaga Retesek ikastolan. Zapatuan beteko ditu hirurogeita bost urte eta astelehenean haren falta sumatuko dute bazkaltzera doazen bost urteko umeek.

Noiztik ikastolako jantokian lanean?

2001ean egin nuen lehenengo ordezkapena, Bego Gojenolak eszedentzia bat hartu zuelako. Hura jubilatu zenean, 2005ean, bueltatu nintzen eta orduz geroztik hemen aritu naiz.

Txikiekin aritu zara beti?

Bai. Orain, azkenaldian, bost urtekoekin. Eurei jaten eman eta gero kanpoko zaintzaz arduratu 14:30ak arte. Garai batean txikitxoagoekin ere ibili izan naiz. Bazkalostean siestara eroan, eurekin telebista ikusi… Txikiekin beti gustora!

Azkeneko urteotan jendartea asko dalatu dala esan ohi da. Eta umeak?

Ume beti ume dela esango nuke. Are gehiago txikiak. Esperientziak errepikatu egiten dira: gaur egun bat ona daukate eta, beharbada, hurrengoan gurasoen falta izango dute. Nik beti entzun ditut gusturo euren kontuak baina hainbeste izanda, ezin denei arreta jarri, horixe pena.

Eta jantokia, asko aldatu da urteotan?

Askoz jende gehiago geratzen da bazkaltzera orain eta, ondorioz, lanean ere askoz gehiago gara. Zortzirehun bazkaritik gora ematera iristen gara, pentsa! Ni sartu nintzenean esku bateko hatzekin kontatzeko beste izango ginen lanean, ez askoz gehiago. Orain mordotxo bat bagara, kanpo espazioaren eraldaketarekin zaintza eremua ere zabalagoa da-eta.

Ikastolako kide guztion izenean eskerrik asko, Garbiñe. Ospatu zapatuko urteguna eta gozatu ondo merezitako jubilazioaz.