Karmele Arruti. Kurutziaga Ikastolako irakaslea.
Tangoak dio hogei urte ez direla ezer, baina berrogei izango dira, izan, zerbait. Kurutziaga Ikastola hazten eta eraldatzen ikusi duenaren begirada Karmelerena. Abenduan hartuko du ondo merezitako erretiroa.
Noiz hasi zinen Kurutziaga Ikastolan lanean, eta zelan gogoratzen duzu orduko ikastola?
Orain dela 40 urte hasi nintzen. 21 urte, ilusio handia eta esperientzia gutxi nituen. Txaletean hasi nintzen bi urtekoen gelan, Maite Olea nire mailakide eta lagunaren ondoan. Bilbotik nentorren, euskaldun berria nintzen eta Durangaldea gutxi ezagutzen nuen. Ikastolak lagun asko, euskaraz bizitzeko aukera eta nire gustuko lana eskaini zizkidan.
Zeintzuk ziren garai hartako ikastolaren eta irakasleon premiak eta ilusioak?
Irakasle gehienak oso gazteak, aurrerakoiak eta ausartak ginen. Gaurko irakasle gazteekin alderatuta, eurek formazio teoriko eta teknologiko handiagoa daukate. Guk, ordea, intuizioa eta gogo ikaragarria genuen.
Euskaraz liburu gutxi zeuden, gu testu libururik gabe eta baliabide urriz moldatzen ginen. Orain azken berrikuntza lez kontsideratzen den “Proiektuetan” oinarritutako pedagogia, guk izenik jarri gabe erabiltzen genuen.
Formazio premia bagenuen, urte bakoitzean bi edo hiru ikastarotan hartzen genuen parte. Material faltaren aurrean, sortzen ahalegintzen ginen.
Gure artean asko eztabaidatzen genuen, eta erabakiak denon artean hartzen genituen. Irakaskuntza aktiboa eta gure inguruan txertatua bultzatu nahi genuen, ikasleen erritmoa eta interesak errespetatuko zituena. Gure ikasleak euskaraz bizitzeko gaitasuna eta gogoa izatea nahi genuen.
Garaiak aldatu dira, baita ikastola bera ere. Zer aldaketa azpimarratuko zenituzke?
Lehenengo eta behin neurria. Gure ikastola asko hazi da, eta horrek gure arteko harremanak baldintzatzen ditu. Lehen ikasle, irakasle eta familia guztiak ezagutzen genituen. Gaur egun, irakasleen artean ere aurpegiz ozta-ozta ezagutzen dugu elkar.
Momentu honetan baliabide askoz gehiago daukagu. Beraz, gure lana hobeto egiteko aukera dugu. Hala ere, ikasleak motibatzea zailagoa dela esango nuke. Baina irakasleon ahalegina berdintsua izaten jarraitzen du: ikaslearen harridura eta interesa piztea.
Orain irakasle bakoitza zentratuago dago bere gelan, bere zikloan edo etapan. Alde batetik klaseak prestatzeko eta bere ikasleak hobeto ezagutzeko positiboa da, baina ikastola osoaren proiektua ez dugu ahaztu behar.Irakasleon arteko koordinazioa garrantzitsua zen lehen, eta gaur egun ere bai. Familiekin elkar-lana derrigorrezkoa zen lehen, eta orain ere hala jarraitzen du.
Ikastolarekiko atxikimendua, behar bada, txikiagoa da. Informazio gehiago dago, baina parte-hartze gutxiago.
Urteetako esperientziaz eta formazioaz, ikasleak hobeto prestatuta irteten dira hainbat arlotan.
1974an jaiotako belaunaldiarekin Hondarribian.
Haur eta gaztetxoak ere ez dira zu hasi zinen garaikoak bezalakoak…
Gizartea asko aldatu da, balioak, familia barruko harremanak…, baina ikasleak antzekoak dira: jolasteko eta ikasteko gogo handia daukate. Bi zutabe hauetan (jolasa eta jakin-mina) eta elkar bizitza osasuntsua eraikitzean oinarritu behar da irakaslearen lana.
Hainbeste urteko lan ibilbidean aukeratzeko eskatzea zaila dela jakinik, badaukazu bereziki gogoan geratu zaizun une, garai, momentu zehatzik?
Asko izan dira gogoangarriak: hasierako ilusioa, elkarlana… Momentu gogorrak ere pasatu ditut, hala ere, balantzea positiboa da. Ofizioa eta afizioa izan ditut ikastolan. Etapa eta zeregin desberdin askotan ibili naiz HH, LH, DBH, zuzendaritza…
Ikasturte honetan zertan diharduzu?
Hizkuntza indartzeko programako irakaslea (HIPI) naiz. Ikasle etorri berriekin euskarazko errefortzua egitea da zeregina nagusiki. Kontuan hartu ikasle hauek, sarritan, ikasturtea hasita dagoela iristen direla leku ezberdinetatik. Zeregina eta helburuak ezberdinak da euren maila eta jakinminaren arabera. Edozelan ere, ikusi dugu konstantea denak hizkuntza bereganatzea lortzen duela.
Erretiroa hartuko duzu, baina ez zaizu zereginik faltako, seguru.
Asko ez naiz aldenduko. Bilobak ekartzen edo eroaten ibiliko naiz. Eta ikastolan ezertan lagundu ahal badut, prest nago.