Hezkuntza komunitatea gara, eta gure bizkarrezurra eta ardatza hezkuntza proiektu honekin konprometituta dauden ikasleak, gurasoak, langileak eta kolaboratzaileak dira.
Kurutziaga Ikastola, gurasoen kooperatiba da, herri onura izaera duena, gizarte titularitatekoa, irabazi asmorik gabekoa, herrikoia, eta herriaren ekimenetik sortu dena.
Kurutziaga Ikastola, ikastolen kolektiboarekiko elkartasuna duen unitatea da, eta Euskal Herriko ikastolen sarea garatzeko eta horren partaide izateko konpromisoa du.
Zer ezaugarri ditugu?
Kurutziaga Ikastolaren hezkuntza proiektua propioa eta euskalduna da, eta curriculum proiektua, hizkuntza proiektua eta elkarbizitza proiektua barnean hartzen ditu.
Kurutziaga Ikastolak euskal kultura eta euskara transmititzeko konpromisoa du sorreratik eta munduko gainontzeko kulturekiko irekia izango da.
Emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasun iraunkorra sustatzeko konpromisoa du.
Ikasleek ingurumenaren arazoak ezagut ditzaten eta horietaz jabe daitezen nahi du.
Ikastolak akonfesionaltzat du bere burua
Nola jardungo dugu?
Kurutziaga Ikastolak Durangaldean kalitatezko hezkuntza eskaini nahi du. Horretarako, etengabe egiten du hobekuntzaren eta berrikuntzaren alde.
Kurutziaga Ikastola modu autonomoan eta elkarlanaren bidez kudeatzen da.
Kalitatezko eskaintza lortu nahi da, hezkuntza komunitate osoaren baitan ahalik eta asebetetze mailarik handiena lortuko duen eskaintza, hain zuzen.
Hezkuntza konpetentzia orokorrak lortzeko ardura, irakasleen, gurasoen eta ikasleen arteko elkarlan partekatuarena da, eta horrek gizarte osoaren elkarlana ere eskatzen du.
Ordena eta diziplina elkarrenganako begirunean, elkarrizketan, elkarlanean eta solidaritatean oinarrituko da.
Non gaude?
Kurutziaga Durangaldean txertatutako erakundea da, eta elkarrekintzen bidez ingurune horretan eragiten du. Horrela, ikastolaren, Durangoren eta Durangaldearen arteko harremana aberasten du.
Ikastolak ahalegin berezia egingo du hezkuntza komunitate osoari zuzendutako eskolaz kanpoko jarduerak bideratzen. Jarduera horiek arlo curricularrean lantzen direnekin uztartuko dira.