5 iraila, 2017

Kanpo Espazioaren Erabilera

Kurutziaga Ikastolako kanpo espazioa eraldatzeko proiektua

Umeen jolas-orduek eta aisiak, eskola-ordu arautuek besteko garrantzia dute haur eta gaztetxoen nortasuna garatzeko orduan. Elkarbizitzan, harremantzeko moduetan, hezkuntzan zein gaitasunak eta trebetasunak garatzerako orduan aisialdia faktore garrantzitsua da oso.

Kanpo espazioaren eraldatzea Kurutziaga Ikastolaren komunitatea osatzen dugun kideen artean lau urtez osatu dugun proiektua da. Proiektuaren oinarrian haur eta gaztetxoekin landutako parte-hartze prozesua dago. Ikastola amesten deituriko parte hartze prozesuan, haur eta gaztetxoen amets, beharrizan eta nahiak jaso eta aztertu genituen. Horri guztiorri hezkidetzaren ikuspuntutik egindako hausnarketa garrantzitsua gehitu genion: Kanpo espazioak baldintzatzen al du haur eta gaztetxoen jolasteko modua neskato eta mutikoen artean? Non jolasten dute? Non ez eta zergatik?

Lehen
Proiektu honen aurretik kanpo espazioaren ohiko egitura genuen Kurutziaga Ikastolan. Espazioaren erdigunean kirol antolatuko zelaiak (futbola, futbito, pilotalekua eta saskibaloia), espazio gogorrak eta pabimentatuak guztiak ere. Parte-hartze prozesuari esker baieztatu genuen periferiak jasotzen zituela jarduerarik aberatsenak: joko eta jolas sinboliko ez arautuak eta, batez ere, mutilek okupaturiko espazio zentralen aurrean, neskatoen jolas eremua.

Orain
Arestiko informazio hori kontuan hartuta, ondorengoak dira Kurutziaga Ikastolako kanpo espazioa eraldatzeko ezarri ditugun oinarriak:
-Jolas librea: jolas sinbolikoa edo ez bideratua izatea hezkuntzaren oinarria ezinbesteko garrantzia baitu ikasketa prozesuan.
-Hezkidetza: espazio zentralak jarduera anitzekin egituratzea, guztiek aukera berdintasunez eta askatasunean gozatu dezaten. Aldi berean, talde-kirolek hartzen duten espazio zentrala, beste eremu batzuetara bideratzea.
-Natura eta zentzumenak: erreka, mendiak, landaredia… Haur eta gaztetxoek ukitu , usaindu, entzun, esperimentatu, sentitu eta jolastu dezaten espazioa sortzea. Urte-sasoien aldaketak eta elementu klimatologikoak esperientzia zuzenaren bitartez bizitzea.
-Ikasgelako jarduna kanpo espaziora ateratzea. Kanpo espazioa ikasgela bihurtzea.
-Kirol aukeran aniztasun gehiago ematea. Naturarekin lotutako jarduera fisikoa eta trebatze guneak gorputz hezkuntzako jardueran barneratzea.

Beti
-Parte hartzea. Haur eta gaztetxoek Ikastola amesten prozesuan diseinatutakoan oinarritu da proiektua, baina dinamikoa da, amaitu gabea, eta etorkizunean haurrek kudeatu, eraldatu, zaindu eta moldatzeko espazioa izan nahi du. Eskola komunitateak eta bereziki Irakaslegoak lagundu beharko du haur eta gaztetxoek irudikatzen duten eraldaketa prozesu hori etenik bakoa izan dadin.