5 martxoa, 2013

Hizkuntza proiektua

Hizkuntza ikuspegia

Hizkuntzak ikastearen helburua ondokoa litzateke: konpetentzia aplikatu behar diren bizitzako arlo ezberdinetan hizkuntzak modu eraginkorrean erabiltzea.

Kurutziaga Ikastolako hizkuntza curriculum diseinuaren oinarrian dago eleaniztasuna, euskara ardatz izanda.

XXI. mendeko gizartea eleanitza da. Pertsona euskaldunen etorkizuna eleanitza da. Euskarak, biziraungo badu, bere hizkuntza esparruan nagusi izan beharra dauka.

Beraz, helburu nagusiak, bi elementu horiek elkarlotzea izan behar du: batetik, euskarak bere hizkuntza esparruan garapen osoa lortu behar du, eta, bestetik, euskaldunak beste hizkuntza batzuk ezagutu eta erabiltzeko gai izan behar du.

Gainera, Hegoaldean bizi garenez, gaztelaniaren ezagutza sakona eduki beharko genuke eta egoki erabiltzeko gai izan beharko ginateke. Era berean, nazioarteko harremanetan nagusi den ingelesa jariakortasunez ezagutu beharko genuke. Azkenik, mugaren bi aldeetako gizarteen kultura kohesiorako garrantzitsua denez, frantsesa ezagutu beharko genuke, oinarrizko mailan bada ere.

Kurutziaga Ikastolak euskararen ezagutza eta erabilera bermatu egin behar du (euskaraz bizitzeko gaitu), euskara batua ardatz moduan harturik, baina, era berean, bertako euskalkia ahaztu barik.

Curriculum bateratua

Curriculum bateratuaren bidez, konpetentzia eleanitz bateratua eta orekatua eraiki ahal izango da.

Zentzu horretan, curriculum proposamen bakarrean biltzen ditugu aurrez aipaturiko hizkuntzak. Izan ere, landuko ditugun konpetentzia linguistiko orokor horiek edozein hizkuntzatarako balio dute.

Hizkuntza plangintza

Hizkuntza bakoitzean lortu beharreko mailari dagokionez, berriz, Hizkuntzetako Europako Erreferentzia Marko Orokorrean adierazitakoa hartuko da kontuan, eta, horren arabera, honako hauek izango dira mailak: euskara eta gaztelania hizkuntzetan B2 maila, ingelesean B1 maila eta frantsesean (aukeratzen dutenek) A2 maila.